Gizartea -

ETXEBIZITZA ESKUBIDEA

Migratzaileek etxebizitza arloan jasaten duten arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute

Pertsona migratzaile eta arrazializatuekin lan egiten duten hainbat kolektibok etxebizitza arloan nozitzen duten diskriminazioa salatzeko manifestua kaleratu dute eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Donostian deitu duen manifestazioarekin bat egin dute.

Hainbat kolektibotako kideek egin dute gaur agerraldia Gasteizen. Argazkia: Etxebizitza Sindikatua
Hainbat kolektibotako kideek egin dute gaur agerraldia Gasteizen. Argazkia: Etxebizitza Sindikatua
Hainbat kolektibotako kideek egin dute gaur agerraldia Gasteizen. Argazkia: Etxebizitza Sindikatua

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arrazakeriaren aurkako Nazioarteko Eguna igaro eta astebetera, hainbat kolektibok agerraldia egin dute Gasteizen, pertsona migratzaileek etxebizitza lortzeko dituzten arazoak salatu, eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak apirilaren 5erako (12:00) Donostian deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egiteko.

Manifestua kaleratu dute "etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek pairatzen duten arrazakeria eta bazterketa sistematikoa publikoki salatzeko" eta "zatitu nahi gaituzten ideia arrazisten aurrean erantzun argia emateko: antolatu eta borrokatu".

"Diskriminazio praktika sistematikoak" salatu dituzte: "izenagatik, azentuagatik, jatorriagatik edo larruazalaren koloreagatik alokatzeari uko egiten dioten jabeak; eskaintzak ezkutatzen edo ezinezko baldintzak ezartzen dituzten higiezin-enpresak; kaudimen ekonomikoa izan arren hipotekak ukatzen dituzten bankuak; baztertzen eta kriminalizatzen dituzten administrazioak, baita erroldatzeko eskubidea ukatuz ere; eta bizitegi-prekarietatearen aurrean benetako alternatibarik eskaintzen ez duten gizarte zerbitzuak. Horrez gain, egoera txarrean dauden logelengatik gehiegikeriazko alokairuak, bermerik gabeko kontratu irregularrak, etxejabeen jazarpena eta etxegabetasun-egoera, pilaketa-egoera edo etengabeko etxegabetze arriskua".

Pertsona migratzaileek eta arrazializatuek etxebizitza-krisiaren ondorioak "modu gordinagoan" pairatzen dituztela nabarmendu dute, eta, gainera, etxebitza falta euren errua dela dioten diskurtso arrazista eta erreakzioarioei ere aurre egin beharra daukatela. "Ozen eta argi esaten dugu: baieztapen horiek erabat faltsuak dira. Etxebizitzaren arazoa etxebizitzaren negozioaren ondorio zuzena da, eta pertsona arrazializatuak eta etorkinak ez dira arazoaren kausa, arazoa modurik gordinenean pairatzen dutenak baizik", defendatu dute.

Gizartean "zatiketa" bilatzen duten ideia horiei aurre egiteko eta apirilaren 5ean kalera ateratzeko deia egin dute, "etxebizitza eskubide unibertsalaren alde eta higiezinen negozioaren aurka" egin duten deialdiarekin bat eginez.

Hauek dira kolektibo sinatzaileak:

- Agifugi – Asociación Gitana por el Futuro de Gipuzkoa

- Asociación cultural United of Ghana (Bizkaia)

- Asociación Oudiodial (Bizkaia)

- Asociación Urokalsindolaal (Bizkaia)

- Asoleus – Asociación de Inmigrantes Latinoamericanos de Euskadi

- Atxuri Harrera (Bizkaia)

- Bachué (Araba)

- Bizirun elkartea. Por los derechos sociales (Gipuzkoa)

- Dar Etxea (Gipuzkoa)

- Donostiako Hiritarron Harrera Sarea

- Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista

- Lizarra Harrera Hiria – Estella Ciudad de Acogida

- Mbolo Moye Doole. Plataforma de Manteros (Bizkaia)

- Ongi Etorri Errefuxiatuak Irala

- PIM-MIG – Punto de Información para Personas Migradas – Migratuendako Informazio Gunea (Nafarroa)

- Salhaketa Nafarroa

- SOS Racismo Gipuzkoa

- SOS Racismo Nafarroa

- Colectivo de migrantes Tinkuy (Araba)

- Wayra elkartea (Araba)

- ESAIN – Estella Ayuda a Inmigrantes

- Mugak Zabalduz (Nafarroa)

Manifestua

Manifestua

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Albisteak migrazioa EAE Arrazismoa Euskadin Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Gaurko azken orduko albistea Etxebizitza albisteak