Gizartea -

Gaza, erasopean

Apirilaren 8an udaletxe atarietako bilkuretan parte hartzeko deia egin die Gernika-Palestinak herritarrei

Alderdi, sindikatu eta mugimendu sozialek adierazpen bat sinatu dute, nazioarteari Israelekin harreman komertzialak eta militarrak eteteko eskatuz, bakea lortzeko.

Acto de este sábado, en el Kursaal. Foto: Gernika-Palestina.
Acto de este sábado, en el Kursaal. Foto: Gernika-Palestina.
Estatuek Israeli ematen dioten laguntza militarra bertan behera uzteko eskatu du Gernika-Palestina plataformak

0:33

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernika-Palestina herri ekimenak, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimendu ugarirekin batera, adierazpena sinatu du larunbat honetan, nazioarteak "neurri diplomatikoak eta legalak" har ditzan, Israeli armak saltzeari utz diezaion eta Israelekin dituzten akordioak hautsi daitezen eskatzeko, Palestinan bakea lortze aldera.

Ekimenak Israeli eskatu dio "operazio militarrak berehala gelditzeko, Gazatik erretiratzeko eta nazioarteko zuzenbidearen pean dituen betebeharrak betetzeko, Nazioarteko Justizia Gortearen behin-behineko neurriak barne".

Horretarako, "su-etena betearazteko premiazko neurri diplomatikoak eta legalak" hartzeko eskatu diote sinatzaileek nazioarteari, eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari, "erasoaldia gelditzeko eta herritar zibil palestinarrak babesteko neurrietan erabakitasunez" jarduteko.

"Estatu eta erakunde guztiei eskatzen diegu Nazioarteko Zigor Auzitegiaren irizpideak betetzeko neurri zehatzak har ditzatela. Era berean, eten dezatela Israelekin armen salmenta eta laguntza militarra, gerra krimenetan eta gizateriaren aurkako krimenetan konplizitatea prebenitzeko dituzten betebeharrak betez", gaineratu dute.

Ildo horretan, Europar Batasunari eskatu diote Israelekin dituen akordioak hausteko, "Israelekin armen salerosketa amaitzeko eta presio diplomatiko eraginkor baterako politikak" egiteko. "Justiziarik gabe ez da bakerik izango, eta inpunitatea gailentzen den bitartean ez da justiziarik izango", azaldu dute.

"Gaurdaino ezagutu dugun nazioarteko ordena aldatzen ari da. Une konplexua bizi dugu, ez soilik Ekialde Hurbilean, baita Europa mendebaldean ere. Nazioarteko zuzenbidea eta negoziazioaren kultura zalantzan daude eta gerra hotsak dena zipriztintzen du", ohartarazi dute.

Azkenik, ideia hau berretsi dute: "Elkarrizketa eta negoziazioa dira gatazka politiko guztietan bake justu, egonkor eta iraunkorra lortzeko tresna nagusiak".

Azaldu dutenez, "okupazioari eta palestinar herriari ezarritako apartheid sistemari bukaera emango dion konponbide integral bat" eta "Palestinaren autodeterminazio eskubidea" aldarrikatzen dute. Izan ere, euren aburuz, "Palestinari ahotsa ematea eta erabakitzeko duten eskubidea bermatzea ezin da arazoa izan, konponbidearen hasiera baizik; segurtasunari eta bakeari eginiko ekarpena, Palestinan eta mundu osoan". 

Eskakizun horiez gain, Mendebaldearen "elkartasun aktiboa" eskatu dute; izan ere, "basakeria horren erantzule zuzenak ez badira ere", axolagabekerian edo pasibotasunean erortzeak "gizatasuna galtzea eragingo luke".

"Euskal Herritik bakea, justizia eta errespetua bultzatzea etorkizuneko erantzunak ematea da, eta, beraz, hori ere gure konpromisoa da. Historiaren alde onari ekarpena egiten saiatuko da Euskal Herria", erantsi du.

Ildo horretan, dozenaka euskal udalerritan elkarretaratzeak deitu dituzte apirilaren 8rako, eta herritarrei dei egin diete kalera ateratzeko, Palestinako herriaren "lurra, justizia eta bakea" defendatzeko.

Honako hauek sinatu dute adierazpena: EH Bildu, EH Bai, PSE-EE, Podemos-Euskadi, Ezker-Anitza, IU eta Geroa Bai alderdiek; LAB, Steilas, Etxalde, CCOO-Nafarroa, CCOO-Euskadi eta UGT-Euskadi sindikatuek; Palestina Memoriaren Lekuko, Artistak genozidioaren aurka, Gerrarik EZ!, Yala Nafarroa Palestinarekin, Gure Haurrak ere Badira, Kulturatik eta UNADIKUM elkarteek, eta Pentsionistak Martxan, Ernai, OlatuKooop eta Euskal Herriko Bilgune Feminista gizarte mugimenduek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gazako Zerrenda Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Manifestazioak Giza eskubideak