Gizartea -
Gertakaria
Gizon bat zauritu dute Iruñean arma zuriz egindako eraso batean
Ustezko erasotzailea, biktimaren bizikidea, identifikatuta dute baina ez dute oraindik atxilotu, ihes egin baitu. Erasoa goizaldean jazo da, Buztintxuri auzoko etxabe batean.
Agentziak | EITB Media
Gizon batek beste bat zauritu du bart, Iruñean, arma zuriz egindako eraso batean. Erasoa Buztintxuri auzoan jazo da, erasotzaileak eta biktimak partekatzen zuten etxabe batean.
Iruñeko Udaltzaingoak EFE albiste agentziari jakinarazi dionez, ustezko erasotzailea identifikatu dute, baina oraindik ez dute atzeman, ihes egin baitu erasoaren ondotik.
Erasoa Ventura Rodriguez kalean gertatu da, 01:10ean. Orduan ohartarazi dituzte larrialdi zerbitzuak, gizon bat beste bat jarraitzen ari zela eta, itxuraz borroka baten testuinguruan.
Agenteak bertaratu direnean, gizon bat topatu dute lurrean etzanda, eta izterrean eta hankan labankada bana zituela. Zauriak ez dira larriak, baina badaezpada, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute.
Udaltzainek egiaztatu ahal izan dutenez, biktima izan da erasotzailearen ostetik segika ibili dena kaletik. Labankaden egileak, ordea, ihes egin du.
Iturrion arabera, bi gizonak bizikideak ziren, eta eztabaidan aritu dira bart, eta horren harira jazo da erasoa.