Gizartea -
Gipuzkoa
11 adingaberi sexu erasoa egitegatik epaitutako Hondarribiko surf irakasleak kartzelan jarraituko du
Akusatuaren defentsak egindako eskaera baztertu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren 3. Sekzioak. Argudiatu duenez, gizonaren balizko ihesa eta biktimak birbiktimizatzea saihestu nahi du.
Agencias | EITB Media
11 adingaberi sexu erasoak egitea egotzita Gipuzkoako Auzitegian martxo erdialdean (hilaren 10etik 21era) epaitu zuten Hondarribiko surf irakasleak espetxean jarraituko du, epaia izan arte behintzat.
Defentsak epaiketaren azken txanpan eskatu zuen akusatua libre uztea. Orduko hartan, Fiskaltzak eta bi akusazio partikularrak kontra azaldu ziren, eta irizpide horri heldu dio orain ere Auzitegiak. Argudiatu duenez, gizonak ihes egitea eta adingabeak birbiktimatzea saihestu nahi du neurriarekin.
Gaur kaleratu duen autoan azaldu duenez, gizonaren behin-behineko espetxealdia agindu zuteneko baldintza berberak daude gaur egun. Hori horrela, aurretik egindako bi eskaerei ezetz esateko emandako argudioak errepikatu ditu epaitegiak.
Batetik, ihes egiteko arriskua badagoela nabarmendu du. Gizonak nazionalitate bikoitza du (espainiarra eta Venezuelakoa) eta Hondarribian bizi da, Frantziako Estatuarekin mugan dagoen udalerrian. Horrenbestez, muga "modu errazean eta hainbat bide erabilita" gurutza dezake.
Gainera, gogora ekarri duenez, akusatuak "hainbat kontaktu ditu Iparraldean, bertan surf udalekuak antolatu ohi zituelako, eta ihes egiteko lagungarri izan diezazkioke".
Bestetik, 11 adingabeak birbiktimizatzeko arriskua dago. Auzipetuak biktimen "datu guztiak" ditu.
Azkenik, ohartarazi du zigor eskaerak oso handiak direla: Fiskaltzak 85 urte galdegin ditu, eta akusazio partikularrak, 290 urte.
Epaia ez da irmoa, eta defentsak erregu errekurtsoa aurkez dezake.