Gizartea -
GIPUZKOA
Konstituzionalak GuraSOS babestu, eta baliogabetu egin du Auzitegi Nagusiak erraustegiaz eman zuen ebazpen bat
Hori horrela, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak "sakoneko gaia" aztertu beharko du, eta erraustegiaren ingurugiro baimena legezkoa den ala ez "erabaki".
agencias | eitb media
Auzitegi Konstituzionalak GuraSOSi arrazoia eman eta ingurugiro arloan justiziara jotzeko duen zilegitasuna aitortu dio. Erabaki horrek bertan behera uzten du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2021ean eman zuen ebazpen bat, eta auzitegi horrek tramitera onartu beharko du elkarteak erraustegiari eman zitzaion ingurugiro baimenaren aurka jarri zuen helegitea.
Jose Maria Izeta GuraSOSen presidenteak eta Joseba Belaustegi abokatuak eman dute Konstituzionalak martxoaren 24an sinatutako ebazpenaren berri.
Inmaculada Montalvan magistratuak sinatutako ebazpenaren alde agertu dira konstituzionaleko magistratu guztiak ere, eta bertan behera utzi dute duela lau urte EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen ebazpena.
Konstituzionalak iritzi dio GuraSOSi "urratu" egin zaiola "babes judizial eraginkorra izateko duen eskubidea, jurisdikziora iristeko eskubideari dagokionez", eta, ondorioz, "berrezartzea" agintzen du.
Hori horrela, Auzitegiak onartu egin beharko du GuraSOSek 2016an aurkeztu zuen helegitea. Zubietako erraustegiari eman zitzaion ingurugiro baimenaren aurkako helegitea izan zen GuraSOSek sartu zuena.
Izetak eta Belaustegik adierazi dutenez, Konstituzionalaren erabakiarekin, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak "sakoneko gaia" aztertu beharko du, eta erraustegiaren ingurugiro baimena legezkoa den ala ez "erabaki".
Haien arabera, agerian geratu da Auzitegi Nagusiak ez zuela aintzat hartu helegitea atzera botatzeak zuen "neurriz kanpoko" emaitza.
"Bederatzi urteren ostean, Konstituzionalak berriro ireki dizkigu Aldundiak, GHK-k, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak itxi zizkiguten ateak", adierazi du abokatuak, "GuraSOSek epaiketa guztiak galtzen dituela" dioten agintari politikoen jarrera kritikatuz.
Elkarteko ordezkariek uste dute Auzitegi Nagusiak urtea amaitu aurretik eman dezakeela helegiteari buruzko ebazpena.