Gizartea -

2024KO TXOSTENA

Osakidetzaren zerbitzuarekin lotutako kexak ia % 70 hazi ziren 2024an Arartekoaren bulegoan

Manu Lezertua arartekoak 2024ko jarduera biltzen duen txostena eman dio gaur Barkartxo Tejeria Eusko Legebiltzarraren presidenteari.

Manu Lezertuak 2024ko memoria Bakartxo Tejeriaren esku utzi duen unea. Argazkia: EFE
Manu Lezertuak 2024ko memoria Bakartxo Tejeriaren esku utzi duen unea. Argazkia: EFE
Manu Lezertuak 2024ko memoria Bakartxo Tejeriaren esku utzi duen unea. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren zerbitzua dela eta Arartekoan jasotako kexa kopurua % 69,6 hazi zen 2024an, eta horien laurdenak inguru Lehen Arretako eta espezialisten kontsultetarako hitzorduen itxaronaldiekin zuten zerikusia.

Manu Lezertua arartekoak gaur utzi du bere erakundearen iazko jarduna biltzen duen memoria Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarraren presidentearen esku, eta Osakidetzari buruz aipatutako datua da nabarmentzen denetako bat. Denera, 14.608 jarduera egin zituzten, aurreko urtean baino % 7,4 gehiago; horietatik 4.310 kexak eta kontsultak izan ziren. 

Gizarte-inklusioarena da kexa eta espediente gehien izan zituen arloa: 523, izapide guztien % 15,82, eta 2023an baino % 10 gehiago. Sail horren barruan, bereziki Lanbidek kudeatzen dituen prestazio ekonomikoekin (DSBE eta BGDS) daude lotuta espedienteen hamarretik zazpi baino gehiago (403).

Errenkadan bigarren lekuan osasungintzaren arloarekin lotutako kexak daude, eta atal horrek izan du gorakadarik handiena. Orotara, 441 kexa jaso zituen iaz Arartekoak Osakidetzak ematen duen zerbitzua dela eta, espediente guztien % 13,34. Kasu gehienetan hitzorduen itxaronaldi luzeekin agertu ziren kexu herritarrak, bereziki, Lehen Arretako eta espezialitateetako kontsultetan.

Tokiko zein lurraldeetako administrazio publikoen zerbitzuek ere badute zer hobetua, herritarren arabera. Horien funtzionamenduarekin lotuta zeuden aurkeztutako 266 kexa, eta kasuen % 90 inguru bideratzea lortu zuen Arartekoak.

Bestalde, hezkuntzaren alorrari buruzkoak izan ziren Lezertuaren bulegoak iaz bildutako espedienteen % 6,6 (221). Gehienak eskoletako izen-emateen ondoren izandako onarpen prozesuekin (49) eta bekekin (44) zuten zerikusia. Onarpen prozesuen inguruan, Arartekoak esan du ikastetxea edota hizkuntza eredua aukeratzea ez direla eskubide absolutuak, "eskola plangintzari eta eskaintzari egokitu beharreko" eskariak baizik.

Azkenik, etxebizitzaren alorrak kexa iturri izaten jarraitzen du: iaz 218 espediente zabaldu zituen Arartekoak atal horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Arartekoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak