Gizartea -
Sua
Kontrolpean hartu dute Gasteizko birziklatze-lantegi batean piztutako sutea
Sutea 21:15 aldera piztu da Onaindia birziklatze-lantegian, Artapadura kalean, eta inguruko kaleak moztu behar izan dituzte.
EITB Media
Bart Gasteizen hondakinak birziklatzeko lantegi batean piztutako sutea kontrolpean da gauerdi aurretik, baina suhiltzaileek ez dute erabat itzaltzea lortu oraindik.
Udalak jakinarazi duenez, egun bat edo bi beharko dituzte itzaltzeko. Edozein kasutan, sua mugatuta eta kontrolpean gelditu da.
Sute handia 21:15 aldera piztu da Onaindia birziklatze-lantegian, Artapadura kalean. Dena den, ez da inor zauritu eta ez dute inor atera behar izan. Aitzitik, inguruko kaleak itxi behar izan dituzte, Udalak jakitera eman duenez.
Sugarrak birziklatze-lantegitik haratago zabaldu dira, pneumatikoak dituen tailer batera, eta, beraz, suhiltzaileak lanean aritu dira eta sua gehiago zabaltzea galarazi dute.
Sua piztu eta ordubete ingurura, pabilioi nagusiaren teilatua kolapsatu egin da.
Ke-laino handi bat sortu da, hiriko hainbat tokitatik ikusteko modukoa. Haizea tarteko, kea eta errautsak auzo ugaritara iritsi dira.
Hori guztia dela eta, suhiltzaileek leihoak ixtea eta kanpoan zabaldutako dagoen arropa jasotzea gomendatu dute, ke-usainaz blaitu ez dadin. Hala ere, asteazken goizaldean bertan behera utzi du Udalak leihoak ixteko gomendioa, partikulak aztertu ondoren.
Lantegi horretan bertan antzeko beste ezbehar batzuk gertatu izan dira duela urte batzuk, 2020ko uztailean jazotakoa, berbarako.