Gizartea -
BIRZIKLAPENA
"Horia da/Ez da horia" kanpaina, edukiontzi horira botatzekoak direnak eta ez direnak hobeto identifikatzeko
22.179 tona ontzi arin bildu ziren 2024an; halere, edukiontzi horiaren edukiaren % 21 gaizki sailkatuta dago. Ekimenak azoka ibiltari bat, antzerki-ikuskizunak eta mugikorretarako joko bat ekarriko ditu.
EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiak "Horia da/Ez da horia" kanpaina jarri du abian ontzi arinak ahalik eta ondoen biltzeko, ahalik eta akats gutxien egin dezagun. Ekimenak azoka ibiltari bat, antzerki-ikuskizunak eta gailu mugikorretarako joko bat ekarriko ditu.
Hondakinen kudeaketako arazo nagusietako bat da edukiontzi horiara zer bota behar den nahasten dela askotan. 22.179 tona ontzi arin bildu ziren 2024an, baina edukiontzi horien edukiaren % 21 gaizki sailkatuta dago. Bizkaiko Foru Aldundiak ehuneko hori murriztu nahi du informazio-kanpaina honen bidez.
Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak eta Arantza Atutxa Natura Ingurune eta Nekazaritza diputatuak hondakinak hobeto bereizi behar direla azpimarratu dute. "Funtsezkoa da ondo birziklatzea, prozesua optimizatzeko eta ingurumen-inpaktua murrizteko", adierazi du Etxanobek.
"Hondakin Go!" da nobedadeetako bat, hondakinak behar bezala sailkatzen dituzten erabiltzaileak saritzen dituen gailu mugikorretarako jokoa. Jokalari onenek 600 eurorainoko opari-txartelak irabazi ahal izango dituzte, Bizkaiko Koopera Store sareko dendetako produktuen truke.
Bestalde, "Bizkairezikla" tresna digitalari esker, herritarrek kontsultatu ahal izango dute non utzi 6.000 hondakin mota baino gehiago. Ekintza horien bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak birziklapenarekin eta iraunkortasunarekin duen konpromisoa indartu nahi du.
Kanpainak azoka ibiltari bat ekarriko du, eta Bizkaiko 12 udalerri bisitatuko ditu abuztuaren 30era arte. Bertan, hiritarrek birziklatzeari buruzko jarduera interaktiboetan eta tailer praktikoetan parte hartuko dute. Antzerki-ikuskizunak ere egingo dituzte kalean, kontzientziazio-mezua indartzeko.
Azoka ibiltariaren datak:
Bilbo: apirilak 2
Barakaldo: apirilak 12
Bilbo (Itsasmuseum): apirilak 26
Zalla: maiazak 10
Mungia: maiatzak 24
Basauri: ekainak 7
Santurtzi: ekainak 21
Durango: uztailak 5
Erandio: uztailak 19
Bermeo: abuztuak 2
Plentzia: abuztuak 16
Lekeitio: abuztuak 23
Sopela: abuztuak 30