Gizartea -

GAZA ERASOPEAN

Gaixotasun onkologikoa duten Gazako bost ume iritsiko dira gaur Euskal Herrira, Osakidetzak artatzeko

13 urtez azpiko haurrak dira, eta gaur goizaldean iritsiko dira Euskal Herrira, euren senideekin batera.

Uztailean Gazatik Madrilera iritsitako haur bat.
Uztailean Gazatik Madrilera iritsitako haur bat.
Uztailean Gazatik Madrilera iritsitako haur bat.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaixotasun onkologikoren bat duten bost adingabe (1-13 urte artekoak) artatuko ditu Osakidetzak; hiru, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, eta bi, Donostiakoan.  

Orotara, 13 haur palestinar dira iristekoak gaur goizaldean Zaragozako aireportu militarrera, Kairotik aterako den hegazkin batean, eta, lur hartu orduko, bostek Euskal Herrirako bidea hartuko dute. Familiek lagunduta etorriko dira.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ohar bidez jakitera eman duenez, bihar umeon egoera aztertuko dute Osakidetzako pediatrek eta onkologiako profesionalek, eta bakoitzak jaso beharreko tratamendua nolakoa izango den planifikatuko dute.

Ebakuazio Medikoaren Planaren barruan —gaixo dauden pazienteak leku batetik bestera lekualdatzeko Europar Batasunak eta Osasunaren Mundu Erakundeak babestutako protokoloa da—, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak asteak daramatzate lanean Gazako Zerrendako haur palestinar horiek ebakuatzen laguntzeko.

Egonaldiak irauten duen bitartean, haurrek eta senideek irabazi-asmorik gabeko errefuxiatuen aldeko erakundeek kudeatutako zentroetan hartuko dute ostatu, eta arreta integrala emango zaie.

Iazko uztailaren 25ean ere, osasun-arazo larriak zituzten Gazako bederatzi adingabe eta emakume heldu bat artatu zituzten Osakidetzaren sareko erietxeetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gazako bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Palestina albisteak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?