Gizartea -
In3ator
Milioi eta erdi haurtxo goiztiar hiltzen dira urtero inkubagailurik ez izateagatik
Behar horren aurrean, Pablo Sanchez Bergasa ingeniari iruindarrak “Medicina Abierta al Mundo” GKEa sortu zuen. Garapen bidean dauden herrialdeetara kostu txikiko inkubagailuak bidaltzea du helburu, eta milaka haurtxoren bizia salbatzea lortu dute, 30 herrialdetan banatuta dauden inkubagailuei esker.
ane santesteban | EITB MEDIA
Urtero milioi eta erdi haur baino gehiago hiltzen dira mundu osoan, inkubagailu bat erosteko diru falta dela eta, batez ere Afrikan, Latinoamerikan eta Asiako zenbait eremutan. Logistikak eta batez ere arrazoi ekonomikoek zailtzen dute amaren sabela simulatzen duten gailu horiek ekoiztea mundu guztiak eskura dezan.
Testuingu horretan, garatu gabeko herrialdeetako zenbait ospitaletan haurtxo goiztiarrak zapata-kaxatan edo zilarrezko paper artean paratzen dituzte, berogailua alboan, biziraun dezaten; izan ere, haur jaioberriek, garaia baino lehen erditzen denean, ez dute bere tenperatura kontrolatzen, eta askotan hipotermiak jota hiltzen dira. Inkubagailu batek haurtxo horiek epeletan egotea ahalbidetzen du, besteak beste.
Arazo horrez jakitun, Pablo Sanchez Bergasa, 32 urteko Iruñeko ingeniariak zerbait egitea erabaki zuen, eta horrela sortu zen In3ator, kostu txikiko inkubagailuak egiteko asmoa duen proiektua. Dagoeneko mila haurtxoren bizia salbatu dute 30 herrialdetan banatuta daude inkubagailuok. Aurten, Gironako Printzesa Soziala sariarekin eman diote esker ona gazte iruindarrari.
Edozein ospitaletako inkubagailuek 35.000 euro inguru balio dute, eta "Medicina Abierta al Mundo" GKEari esker fabrikatutakoak 350 euroan saltzen dituzte, hau da, ehun aldiz merkeago. Sanchez Bergasak berak duela urte batzuk sortutako Gobernuz Kanpoko Erakundea arduratzen da kostu txikiko inkubagailuak kudeatzeaz.
Ingeniariaren esanetan, haur goiztiarrek inkubagailua behar dute, eta inkubagailuak amen umetokien simulagailuak besterik ez dira. Hortaz, eurek diseinatutako inkubagailuek ematen dituzte funtsezko prestazioak haur goiztiarrek biziraun dezaten: amaren sabela simulatzen dute, tenperatura-sentsore eta guzti, hezetasuna kontrolatzeko ur-botila batekin eta fototerapia bidezko argi ultramore batekin, ikterizia tratatzeko.
Gainera, materialak Espainiako Estatuko Salesianos Lanbide Heziketako zentroetan ekoizten dira, nahiz eta egoitzarik handiena Iruñean izan. Material tolesgarriekin eginak daudenez, eta maleta batean sartzeko modukoak direnez, Nepalgo xerpa batzuek Katmanduko ospitaleraino eraman ahal izan dute kostu txikiko inkubagailu horietako bat.
Kode irekikoa da eta inkubagailuaren planoak 'In3ator' proiektuaren webgunean eskuragarri daude. Nolanahi ere, ingeniari nafarraren aburuz, egokiena inkubagailu horiek baliabide gutxi dituzten herrialdeetan bertan fabrikatzea da, eta diru falta egon badagoela aitortu arren, haren ustez arazo nagusia inkubagailuak behar diren leku horietara nola eraman jakitea da; alegia, kontua ez da dozenaka mila inkubagailu egitea, horiek nora bideratu jakitea baizik.