Gizartea -

Euskara

Hizkuntza urraketak “desnaturalizatzeko” eta salatzeko deia egin die Behatokiak herritarrei

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak iaz Euskararen Telefonoan jasotako kexen berri eman du, eta 2024ak hizkuntza eskubideekiko salatu diren gertakarien eta hutsuneen inguruko txostena aurkeztu du ostegun honetan.

Agurne Gaubeka eta Garbiñe Petriarti, ostegun honetan. Argazkia: Behatokia.
Agurne Gaubeka eta Garbiñe Petriarti, ostegun honetan. Argazkia: Behatokia.
Agurne Gaubeka eta Garbiñe Petriarti, ostegun honetan. Argazkia: Behatokia.

Olatz Prat | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du ostegun honetan Bilboko Euskararen etxean. Txosten horren arabera, iaz 1.206 mezu jaso ditu Behatokiak Eskararen Telefonoan.

Horietatik 1.112 kexak izan dira (gainerakoak zorion mezuak edo bestelako kontsultak), hiru kexa baino gehiago egunean hizkuntza eskubideekin lotuta, eta gehien-gehienak erakunde publikoei jarritakoak. 2023arekin konparatuta, igo egin da kexa kopurua, baina 2016ko 1.600 ingurutik urrun geratu da, hala ere. Ohartarazi dutenez, ordea, salatzen diren kasuak errealitatearen lagin txiki bat besterik ez dira, egunerokoan herritarrek salatu gabe gelditzen diren urraketak "zenbaezinak" baitira.

Erakunde publikoek jaso dituzte aurten ere kexa gehien: 68 espainiar Estatuko administrazioak, Renfe edo Erregistro Zibilak tartean; 180 kexa jaso ditu Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak edo Ertzaintzak jasotako salaketak gehienak. "Osasun arloan euskararen lurralde guztietan gogorra da egoera", Garbiñe Petriarti Behatokiko teknikariak zehaztu duenez.

109 kexa jaso ditu Nafarroako Gobernuak; Ipar Euskal Herrian aldiz, ofizial ez izateak kexatzeko bidea ere ixten duela salatu du Behatokiak.

Hala ere, txostenean jasotakoaren arabera, bistan da euskara ofizial izateak ez duela, bere horretan, euskarazko arreta bermatzen erakunde publikoetan, eta are gutxiago enpresetan, eta horregatik, alor sozioekonomikoan ere hizkuntzari lotutako lege betebeharrak ezartzeko deia egin diete legebiltzar eta erakundeei. Behatokiaren arabera, "erakundeetatik hartzen ez den erabaki bakoitzak edo bermeen kontrako erabaki bakoitzak ondorioak ditu, eta ez bakarrik gaur egungo urraketen betikotzean. Baita gutxiagotutako hiztun komunitate bezala euskaldunek bizi duten berdintasun ezean, edota herritarren ongizatean, segurtasunean, osasunean, hezkuntzan edo zaintzan".

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren hitzetan, "2024an ezin dezakegu esan egoera hobea denik", gaztelera eta frantsesaren nagusitasuna argiak baitira  eta idatziz zein ahoz euskaraz informazioa jaso eta euskara erabiltzeko ezintasunak eta trabak daude euskararen lurralde osoan. 

Halaber, agerian utzi nahi izan du, erakunde publikoen kasuan bereziki, hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko saiakera sumatzen dutela: "herritarrak gaztelera eta frantsesa erabiltzera bultzatzen eta euskarazko arreta ez emateko trikimailu legalak legitimatzen jarraitzen dute erakundeek, urraketei emandako hainbat erantzunetan".

Azaldu duenez, ohikoa bilakatu da behin eta berriz zerbitzuak euskaraz eskatzen ibili beharra, eta hala adierazita izan arren erdara erabili behar dutela erantzutea, edo euskaraz egin nahi izateagatik atzerapenak zein bestelako oztopoak gainditu behar izatea.

Behatokiaren arabera "erraz" identifikatu daiteke kasu gehienetan muinean dagoen arrazoia: "euskara erabiltzea bermatu ahal izateko, beharrezkoa da eskubide horren beste aldean dagoenak euskararen ezagutza izango duela bermatzea", horren haritik, gaineratu dutenez, "erdibideko neurriek urraketa eta hutsuneak kronifikatzea" dakarte.

Salatzeko deia herritarrei

Azpimarratu dutenez, salatuta soilik lor daiteke erakunde eta enpresak mugitzea, eta adibideak ere jaso dituzte txostenean, kexa jaso ostean urrats egokiak eman dituztenenak:  Nafarroako Bideko Ama ospitalea, Interbiak Bizkaiko sozietate publikoa, Nafarroa Arenako zerbitzua eta komunikazioa, edo arlo pribatuan Eroski eta Forum Sport, batzuk aipatzearren.

Kasu batzuetan aurrerapenak eman badira ere, Behatokiaren iritziz, azken urteetan euskalgintzak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia izendatu duenaren atzean, "hizkuntza eskubideen, gutxiagotuen aitortzaren, hiztunen arteko berdintasunaren zein minorizatutako hizkuntzekiko erreparazio neurrien ukazioa daude".

Horregatik, Behatokiak dei egin die Euskal Herri luze-zabaleko herritarrei "euskararen normalizazio ezaren adierazgarri diren egoera bidegabe guztiak azaleratu ditzaten: eskubide urraketak onartu beharrean, hauek desnaturalizatzera, problematizatzera. Isildu beharrean, salatzera".

Euskararentelefonoa.eus webgunearen bidez edo 948 146 172 telefonoa erabilita bideratu daitezke hizkuntza urraketei lotutako kexak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Behatokia gaur