Gizartea -
Liskarrak
Bost atxilotu Errekaldeko gaztetxea husteko aginduaren aurkako protestetan, Bilbon
Istiluak 21:00etan hasi dira. Gutxienez lau ertzain eta sei manifestari zauritu dira liskarretan.
EITB Media
Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu gaur gauean Bilboko Errekalde auzoko gaztetxearen husteko aginduaren aurkako protestetan, objektuak jaurti eta istiluetan parte hartzea egotzita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, liskarrak 21:00etan hasi dira, Errekaldeko Etxarri gaztetxea hustea geldiarazteko mobilizazioan parte hartu duten pertsonak Ertzaintzaren aurka botilak eta era guztietako objektuak jaurtitzen hasi direnean.
Ertzaintza gaztetxeko sarbidea kontrolatzen ari da, ostiral honetan 09:00etan eraikina hustutzea aurreikusita baitago. Gaztetxea ixtearen aurka sare sozialen bidez egindako deiari erantzun diote manifestariek.
Hainbat ertzain eta manifestari zauritu dira liskarretan. Konkretuki, Ertzaintzak jakinarazi duenez, lau ertzain zauritu dituzte, eta, Sare Antifaxistak jakinarazi duenez, gutxienez sei manifestari zauritu dituzte.
50 bat ertzainek eraikina inguratu dute inor eraikinera sar ez zedin.
Liskarrak gazte taldeak, antza denez, Ertzaintzaren hesia hausten saiatu direnean hasi dira, eta ertzainek manifestarien aurkako kargekin erantzun dute.
Ondoren, Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak esku hartu du istiluen aurkako materialarekin, eta suhiltzaileen kamioi bat eta hainbat anbulantzia ere bertaratu dira.
Manifestariek, gehienak gazteak, Ertzaintzaren aurkako eta eraikina okupatzearen aldeko leloak oihukatu dituzte.