Gizartea -
Bilbo
Ertzaintzak Errekaldeko Etxarri gaztetxea hustu du eta lau gazte identifikatu ditu
Eraikinaren barruan ez dago atzotik zeuden pertsonetako bat bera ere. Errekalden tentsio handia dago: 200 pertsona inguru protesta egiten ari dira eraikinetik kanpo. Bart atxilotutako bost lagunak aske geratu dira.
EITB Media
Ertzaintza 09:30 aldera sartu da Bilboko Errekalde auzoko Etxarri gaztetxearen eraikinean, alboko garaje batetik. Lau lagun identifikatu dituzte bertan.
Kanpoan, tentsioak gora egin du Errekalde auzoan. Ertzaintzaren dispositibo zabala izan da goizeko lehen ordutik Diaz Emparanza doktorearen kalean: 20 bat furgoneta, gaztetxean inor sartzen dela saihesteko agenteak lerroan, droneak, ertzainak inguruko teilatu eta garajeetan...
Hainbat lagunek gaua eman dute gaztetxearen barruan, eta 200 bat pertsona izan dira kanpoaldean, okupazio mugimenduak "gaztetxea defendatzeko" egindako deialdiari erantzunez.
Bart istilu larriak izan dira, eta Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu. Atxilotutakoak aske utzi dituzte, baina epailearen aurrera agertu beharko dira, desordena publikoak eta agintaritzaren kontrako atentatua egotzita. Halaber, hainbat lagun zauritu dira, 15 agente eta 6 manifestari tartean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, liskarrak 21:00etan hasi ziren, Errekaldeko Etxarri gaztetxea hustea geldiarazteko mobilizazioan parte hartu zuten pertsonak Ertzaintzaren aurka botilak eta era guztietako objektuak jaurtitzen hasi zirenean.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, 15 ertzain zauritu zituzten, eta, Sare Antifaxistak jakinarazi duenez, gutxienez 6 manifestari zauritu zituzten.
50 bat ertzainek eraikina inguratu zuten inor eraikinera sar ez zedin.
Antza denez, gazte taldeak Ertzaintzaren hesia hausten saiatu zirenean hasi ziren liskarrak, eta ertzainek manifestarien aurkako kargak eginez erantzun zuten.
Ondoren, Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak esku hartu zuen istiluen aurkako materiala erabiliz, eta suhiltzaileen kamioi bat eta hainbat anbulantzia ere bertaratu ziren.
Manifestariek, gehienak gazteak, Ertzaintzaren aurkako eta eraikina okupatzearen aldeko leloak oihukatu zituzten.