Gizartea -

Eguraldia

Udaberri giroa, baina tarteka ezegonkor

Bai larunbatean, eta baita igandean ere, hodeiak eta ostarteak nagusituko dira, eta 15 graduren bueltan egongo dira termometroak, baina ez da baztertzen euri pitin bat ere botatzea.

Elorrio. Argazkia: Roberto Aizpitarte Alberdi
Elorrio
Elorrio. Argazkia: Roberto Aizpitarte Alberdi

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bero antzean hasi dugu ostirala, hego-haizeari esker, eta badirudi 20 gradutik gora egingo duela gaur isurialde atlantikoko zenbait tokitan. Hegoaldean, berriz, tenperaturak txikiagoak izango dira. 

Lainoak eta ostarteak nagusituko dira, eta eguzkiak indarra hartuko du eguerdi aldean nahiz arratsalde hasieran. Araban eta Nafarroan, baina, baliteke zaparradaren bat edo beste botatzea, bai goizean, eta baita arratsalde-gau partean ere.

Larunbatean, ostarte zabalak ikusiko dira berriro ere. Hegoaldeko edo hego-mendebaldeko haizeak aginduko du goizeko lehen orduetan, eta tenperatura atseginak izango dira han eta hemen; ostiralean baino baxuagoak, halere. Eguerditik aurrera, haizea baretu egingo da, iparraldeko ukitua hartuko du, eta horrek giroa freskatuko du. Arratsaldean, hodei gehiago egongo dira, eta tarteka euria eta ekaitza egin ditzake.

Igandean ere, nahiko urdin ikusiko da zerua, behe-hodei bakan batzuk salbu. Haize leuna espero da, iparretik iritsita, eta maximoak bere horretan geratuko dira. Arratsaldean, bereziki, baliteke hodeitsuago egotea eta zertxobait bustitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Udaberria