Gizartea -

Bilbo

Arratsaldean manifestazio batera deitu dute Errekaldeko Etxarri gaztetxearen hustea salatzeko

Protesta 19:00etan hasiko da, Ametzolako tren geltokitik abiatuta. Lau gazte identifikatu dituzte goizean, eta zehapen-espedientea ireki diete, Herritarren Segurtasunerako Legea urratzeagatik.

Ertzainak Bilboko Etxarri gaztetxearen hustean. Argazkia: EFE
Ertzainak Bilboko Etxarri gaztetxearen hustean. Argazkia: EFE
Ertzainak Bilboko Etxarri gaztetxearen hustean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Errekalde auzoko Etxarri gaztetxearen ordezkariek jakinarazi dutenez, manifestazioa deitu dute gaur arratsalderako, 19:00etatik aurrera, Ametzolako tren geltokitik abiatuta.

Iker Villanueva bozeramaileak adierazi duenez, "Poliziak manifestarien aurka egindako basakeria" salatzeko egingo dute manifestazioa.

Gertatutakoaren erantzuletzat jo dituzte Bilboko Udala eta Hirigintza zinegotzia; izan ere, "auzorako planak enpresa pribatuei bakarrik egiten dio mesede".

Gauean istiluak izan dira, eta Ertzaintza 09:30 aldera sartu da Bilboko Errekalde auzoko Etxarri gaztetxearen eraikinean, alboko garaje batetik. Lau lagun identifikatu dituzte bertan.

Gaztetxean zeuden lau pertsonak beren kabuz atera dira eraikinetik, Ertzaintzak ondoko garaje batetik sartzea lortu ostean. Gazte horiek identifikatu eta zehapen-espedientea ireki zaie, Herritarren Segurtasunari buruzko Legea urratzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Kanpoan, tentsioak gora egin du Errekalde auzoan. Ertzaintzaren dispositibo zabala dago goizeko lehen ordutik Diaz Emparanza doktorearen kalean: 20 bat furgoneta, gaztetxean inor sartzen dela saihesteko agenteak lerroan jarrita, droneak, ertzainak inguruko teilatu eta garajeetan...

Hainbat lagunek gaua eman dute gaztetxearen barruan, eta 200 bat pertsona izan dira kanpoaldean, okupazio mugimenduak "gaztetxea defendatzeko" egindako deialdiari erantzunez.

Gaur goizean ez da istilurik izan, baina bart istilu larriak izan dira, eta Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu. Atxilotuak aske geratu dira gero, baina epailearen aurrera joan beharko dira, desordena publikoak eta agintaritzaren kontrako atentatua egotzita. Halaber, hainbat lagun zauritu dira, 15 agente eta 6 manifestari tartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak