Gizartea -

ELKARTASUNA

Gazako bost adingabe laguntza medikoa jasotzen ari dira Gurutzetan eta Donostia Ospitalean

Ume bakoitzari balorazio klinikoa eta analitikoa egin dizkiote, baita tratamendua zehazteko beharrezko probak ere. Haurrek 13 urte inguru dituzte, eta horietako hiru ez dituzte ospitaleratu.

Pediatrak Donostiako ospitalean. Argazkia: EFE
Pediatrak Donostiako ospitalean. Argazkia: EFE
Pediatrak Donostiako ospitalean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako egoera humanitario larriaren ondorioz, bost haur iritsi dira azken egunotan Euskal Herrira tratamendu medikoa jasotzeko. 13 urte inguruko haurrek osasun arazoak dituzte, eta Egipton hasi zuten tratamendua.

Haurretako bi euskal ospitaleetan daude: bata Donostia Ospitalean eta bestea Gurutzetako Ospitalean. Beste hirurak ez dituzte ospitaleratu, baina osasun jarraipen zorrotza egiten ari zaie.

"Gure asmoa da ospitalez kanpo egin daitezkeen azterketak, probak eta tratamenduak erraztea eta egitea, eta, ahal den neurrian, ospitaleratu behar izatea saihestea, egokitu daitezen eta ahalik eta gehien egon daitezen senideekin ingurune egoki batean", esan du Nagore García de Andoin Osakidetzako onkologo pediatrikoak.

Ume bakoitzari balorazio klinikoa eta analitikoa egin dizkiote, baita tratamendua zehazteko beharrezko probak ere.

Ebakuazio Medikoaren Planaren barruan —gaixo dauden pazienteak leku batetik bestera lekualdatzeko Europar Batasunak eta Osasunaren Mundu Erakundeak babestutako protokoloa da—, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak asteak daramatzate lanean Gazako Zerrendako haur palestinar horiek ebakuatzen laguntzeko.

Egonaldiak irauten duen bitartean, haurrek eta senideek irabazi-asmorik gabeko errefuxiatuen aldeko erakundeek kudeatutako zentroetan hartuko dute ostatu, eta arreta integrala emango diete.

Iazko uztailaren 25ean ere, osasun-arazo larriak zituzten Gazako bederatzi adingabe eta emakume heldu bat artatu zituzten Osakidetzaren sareko erietxeetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Gazako argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea