Gizartea -

Metro Bilbao

Usansoloko ospitalera iritsiko den metroaren 5. linearen lanak aurrera doaz

Linea horrek Usansoloko ospitalera eramango du metroa, eta etorkizunean Busturialdetik eta Durangaldetik datozen Euskotrenen lineekin lotuko du. 400 metroko tunel bat eraikiko dute, eta 2. eta 5. lineak hartzeko geltoki bihurtuko da Sarratu.

5. lineako obretara bisita. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
5. lineako obretara bisita. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
5. lineako obretara bisita. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Metroa Usansoloko ospitalera eramango duen 5. linea eraikitzeko obrek aurrera jarraitzen dute, eta Basauriko Sarratu geltokia etorkizuneko linea eta Metro Bilbaoren 2. linea lotzeko geltoki bihurtzea aurreikusten da.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak Bilboko metroaren 5. linea eraikitzeko obrak bisitatu dituzte gaur goizean. Asier Iragorri Basauriko alkatearekin batera, bertatik bertara ikusi dute bi erakundeek % 50ean finantzatzen dituzten lanen garapena. 

Linea horrek Usansoloko ospitaleraino eramango du metroa, eta etorkizunean Busturialdetik eta Durangaldetik datozen Euskotrenen lineekin lotuko du.

5. lineak 360 milioi euroko aurrekontua du, 6,3 kilometroko luzera izango du eta bost geltoki berri izango ditu, aipatu erakundeek gogorarazi dutenez.

Aurreikuspenen arabera, Basaurin metroaren 3. eta 5. lineek bat egingo dute, eta 2. linearekin konektatuko dira. Bertan, Sarratu inguruan, geltoki bat eraikiko dute 5. lineako eta 2. lineako bidaiariak batetik bestera aldatzea errazteko, kota berean bi nasa paralelo eraikita, bisitan azaldu dieten moduan. 

Agintarien arabera, "planteamendua konplexua da", baina Usansoloko ospitalerako lotura zuzenagoa ekarriko du, bidean atzera egin beharrik gabe.

Horretarako, 400 metro inguruko tunel bat eraikiko dute, 2. linearen trazadura zertxobait aldatuko duena Etxebarritik Basaurira iristean, trenak geralekura hurbiltzeko eta, horrela, 5. linean tren-aldaketa errazteko. Ondoren, Ariz eta Basauri aldera jarraituko du trenbideak.

Garcia Chueca sailburuaren esanetan, "5. linea bezalako azpiegiturek pertsonen bizitza eraldatzen laguntzen dute, haien bizi-kalitatea hobetuz".

"Basauriko, Galdakaoko eta inguru osoko bizilagunekin hartu dugun konpromisoa betetzeko puntuan gaude", adierazi du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta "6,3 kilometroko linea txiki honek eragin izugarria izango du martxan dagoenean", erantsi du.

Azalpen teknikoak jaso ondoren, erakundeetako ordezkariak obran zehar ibili dira, eta Larrazabalgo etorkizuneko bidera igo dira. Bide horrek gaur egungoa ordezkatuko du, eta datorren udan irekitzea aurreikusten da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Basauri Bizkaia Eusko Jaurlaritza Metro Bilbao Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Galdakao-Usansolo Ospitalea Bizkaiko Foru Aldundia Usansolo