Gizartea -

Bilbo

Errekaldeko gaztetxea husteko istiluetan gazte bat nola zauritu zen argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak

Gaztetxearen sustatzaileek ohar baten bidez adierazi dutenez, ertzain batek foam-balaz tiro eginda zauritu zuen. Gizon gaztea Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten, eta larrialdiko ebakuntza egin behar izan zioten.

Istiluen une bat, joan den ostegunean. EFE.
Istiluen une bat, joan den ostegunean. EFE.
Istiluen une bat, joan den ostegunean. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak barne-ikerketa abiatu du Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea husteko lanetan ostegunean izandako istiluetan gizon gazte bat nola zauritu zen argitzeko.

Gaztetxearen sustatzaileek ohar baten bidez adierazi dutenez, ertzain batek foam-balaz tiro eginda zauritu zuen. Zauritua Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten, eta larrialdiko ebakuntza egin behar izan zioten. 

ETBk zauritutako gizonarekin hitz egin du larunbat honetan. Iker Arana Iralako 33 urteko bizilagunak ETBri azaldu dionez, tiroaren ondorioz, barrabiletako bat galdu du, eta medikuen txostenaren zain dago ertzain-etxean salaketa jartzeko. 

''Ertzain bat aurrez aurre jarri zen, barrabiletara apuntatu zuen eta tiro egin zidan''
''Ertzain bat aurrez aurre jarri zen, barrabiletara apuntatu zuen eta tiro egin zidan''
''Ertzain bat aurrez aurre jarri zen, barrabiletara apuntatu zuen eta tiro egin zidan''

1:00

Segurtasun Sailaren esanetan, barne-ikerketa hasi du gazte hori "Ertzaintzak zauritu zuen argitzeko". Sailetik azaldu dutenaren arabera, ikerketa ostiralean abiatu zuten, "komunikabideen bidez gertaeren berri izan bezain laster", orain arte ez baitago salaketarik erregistratuta.

Ostegun gaueko bederatziak jotzeko minutu batzuk falta zirenean hasi ziren istiluak. Ertzainak gaztetxea zaintzen ari zirenean, biharamunean, ostiral goizean, epailearen aginduz gaztetxea hustea aurreikusita zegoelako, "kaputxadun batzuek botilak, material piroteknikoa eta beste objektu batzuk jaurtiz eraso zieten", Sailaren komunikatuan adierazi dutenez.

Liskar horietan, Ertzaintzak lau gazte atxilotu zituen agintaritzaren aurkako atentatua egotzita. Hamabost agente eta hainbat manifestari zauritu ziren istiluetan. 

Desordena publikoetan, edukiontziak zeharkatu zituzten kalean, eta seiri su eman zieten. Bilboko Udalaren arabera, kalte materialak 6.000 eurotik gorakoak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak