Gizartea -
NAFARROA
Bi pertsona larri zauritu dira Iruñeko Etxabakoitzen izan den liskar batean
Jaso ikastolaren eraikin zaharraren inguruan gertatu da liskarra, eta Foruzaingoak 18 pertsona identifikatu ditu.
eitb media
Bi pertsona larri zauritu ziren atzo arratsaldean Iruñeko Etxabakoitz auzoan izandako liskar batean. Jaso ikastolaren eraikin zaharraren inguruan gertatu zen liskarra, eta Foruzaingoak 18 pertsona identifikatu zituen.
Hain zuzen ere, etxerik ez duten zenbait pertsonak okupatutako eraikinaren atarian gertatu zen. Arratsaldeko lauretan jaso zuen Udaltzaingoak abisua, eta Foruzaingoaren laguntza behar izan zuen. Hogei bat lagunen arteko liskarra izan omen zen. Polizia iritsi zenean, ezkutatuta zeuden gazte mordoxka atera ziren lasterka.
Horietatik bi larri zaurituta eraman zituzten. Batak izter atzean labankada zauria zuen, eta besteak puntadun objekturen batekin egindako zauria zuen aurpegian. Ikerketak zabalik jarraitzen du, gaizkileak zein diren argitzeko.
Otsailean, pertsona bat atxilotu zuten toki berean, beste bat hiltzen saiatzeagatik, eta Udaltzaingoak beste bat atxilotu du aste honetan bertan, matxete batekin mehatxu egiteagatik.
Bestalde, Iruñeko Alde Zaharrean bi gizonezko atxilotu dituzte Descalzos kaleko etxabe bat okupatzen ari ziren bi gizonezko makila batekin jotzeagatik. Batak burua odoletan zuen eta besteak kolpeak eskuan. Erietxera eraman dituzte biak.