Gizartea -

Epaiketa

Zabarteren defentsak salatu du Segurtasun Sailak, Fiskaltzak eta epaileak ez dutela ezer egin auzia argitzeko

Zabartek 10 bat minutuz deklaratu du, eta aurretik emandako bertsioari eutsi dio. Hurrengo auzi-saioetan lekukoek deklaratuko dute, eta oraingoz ez dute ertzainik inputatu.

Zabarte, auzitegira iristen. Argazkia: EITB
Zabarte, auzitegira iristen. Argazkia: EITB
''Gaur-gaurkoz, inor ez da gai esateko nork bidali zuen Amaia ZIUra''

1:13

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaya Zabarte realzaleak dagoeneko deklaratu du Gipuzkoako Auzitegiko epailearen aurrean, ertzain batek jaurtitako foam bala batek 2024ko martxoaren 5ean Reale Arena inguruan larri zauritu zuela salatu ostean. Realak PSG taldearen kontra jokatu zuen Txapeldunen Ligako partiduaren atarian jazo zen, eta hasiera batean epaileak auzia artxibatzea erabaki bazuen ere, berriro irekitzea erabaki zuen, irudi berri batzuk agertu ziren eta.

Hamar bat minutuz deklaratu ondoren, Joseba Novoa haren senarrak hedabideei esan die "13 hilabeteren ostean, azkenean" hartu diotela deklarazio Zabarteri, eta "lasai" kontatu duela egun hartan bizitakoa.

"Nire kasuan, amorru handiko eguna da, 13 hilabete daramatzagulako zain, azalpenik jaso gabe, (...) nola den posible nire emaztea dozenaka ertzainen aurrean ia hil izana", aitortu du.

Horren harira, gogor kritikatu du "gaur-gaurkoz, inor gai ez izatea Amaya ZIUra nork bidali zuen esateko".

Gainera, uste du "ikerketa egin beharko luketenek, eskumena duten erakundeek" ez dutela "ezer ere egin". Ostikada eman zuen ertzaina identifikatu ostean horrek emakumearekin estropezu egin zuela esan duela eta, erantzun du "bideoa hor" dagoela eta "argi" dagoela zer gertatu zen.

Horregatik, azpimarratu du irudietan "nabarmen" ikusten dela agentea "gelditu egiten dela, ezkerrera egiten duela, hanka atzera botatzen duela eta ostikada ematen diola".

Bere esanetan, "gaizki dago" ertzain batek "oker" jokatzea, baina Segurtasun Sailak "ezer ere ez" egiteak "amorru eta inpotentzia handia" sortzen diola adierazi du.

Bestalde, Iker Sarriegi abokatuak azpimarratu du ez dagoela inputaturik, "lurrean oztopo bat aurkitu zuela" esan zuen agenteaz gain.

Abokatuak jakinarazi du ertzain batek ere ez duela deklaratu auzitegian, "ez lekuko, ez inputatu gisa". "Foam pilota nork jaurti zuen ere ez dakigu", gehitu du.

Horren aurrean, "kargan parte hartu zuten ertzainek eta pilota-jaurtigailuak zituztenek" deklaratzea eskatu omen du.

Azkenik, gogorarazi du auzitegi-medikuaren arabera foam pilotakada batekin "guztiz bateragarria" den zauria zuela Zabartek. 

Sarriegik berretsi du ez dutela "ezer ere egin, ez Poliziak, ez Fiskaltzak, ez instrukzio-epaileak", eta auzia itxita egongo litzatekeela "familiaren bultzadagatik izan ez balitz". Gainera, jakinarazi du Fiskaltza ez dela auzitegian azaldu ere egin.

Orain akusazioak aurkeztutako lekukoek deklaratu beharko dute —gehienak, bertan zeuden pertsonak—, Zabarte lekuan bertan artatu zutenak, besteak beste.

''Estoy contenta porque por fin voy a poder explicar delante de la jueza lo que ocurrió''
''Estoy contenta porque por fin voy a poder explicar delante de la jueza lo que ocurrió''
''Estoy contenta porque por fin voy a poder explicar delante de la jueza lo que ocurrió''

0:59

Zabartek berak ere hitz egin zuen duela gutxi EITBko mikrofonoen aurrean, eta esan zuen badela garaia epaileari gertatutako guztia kontatzeko, "nahiz eta zaila izan bizitako dena berriro gogoratzea".

Bajan dago oraindik Zabarte, eta neurologoaren diagnostikoaren arabera, gertatutakoak biziarteko sekuelak eragin dizkio.

Bestalde, EITBk jakin izan duenez, Ertzaintzaren barne txosten batek dio ez zela ostikorik egon, "estropezua" izan zela: "Estropezu egin zuen, oreka galdu zuen emakumearen ondoan, baina inondik inora ez zuen izan ostikoa eman izanaren pertzepziorik".

Argazkia: EITB

Argazkia: EITB

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Reala Ertzaintza Anoeta-Reale Arena Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak