Gizartea -
GASTEIZ
Suteak kaltetutako Salburuako zubia bota eta berriren berri egingo dute; milioi bat euro kostako da
Martxoaren 18an Gasteizko auzo horretan piztutako suteak kalte larriak eragin ditu zubian, eta, Udalaren arabera, eraistea da segurtasuna bermatzeko "aukera bakarra".
AGENTZIAK | EITB Media
Gasteizko Salburua auzoan pasa den martxoaren 18an piztutako suteak kalte larriak eragin ditu Iliada pasealekuko zubian eta horren tokian berria egingo dute. Udalaren arabera, bi urte inguruko prozesua izango da, eta milioi bat euro inguru kostako da.
Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziak gaur goizean azaldu duenez, lizitazio bakarra egingo da eta aukeratutako enpresak zubi zaharra eraitsi eta berriren berri egingo du, epeak bizkortzeko eta arazoari konponbide integrala emateko.
Hasiera batean, milioi bat euroko inbertsioa egingo du Udalak, eta bi urte beharko dira zubi zaharra bota eta berregiteko.
Zubi berriak zaharra ordezkatu eta, segurtasuna bermatzeaz gain, bide azpitik igarotzen ziren hainbat zerbitzu (gasa, argia, ura, etab.) beste norabait eramateko baliatuko da.
Sutea martxoaren 18an gertatu zen, 20:30 aldera, gas-hodi bat lehertuta.
Gertaeraren ondorioz, ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa eten behar izan zuten. Geroztik zubiaren egoera zein den aztertu dute, eta ondorioztatu dute zubia eraistea dela segurtasuna bermatzeko "aukera bakarra".