Gizartea -
Drama Mediterraneoan
Aita Marik 108 pertsona lehorreratu ditu Salernon, eta salatu du Italiak ez diela utzi hurbilago porturatzen
Euskal erreskate ontziak kritikatu egin du 25 korapilotik gorako boladekin eta bi metrotik gorako olatuekin denborale bat zeharkatu behar izan dutela, Italiaren erabakia dela eta. "Erreskatatutako pertsona guztiek blai eginda eta hotzak hartuta igaro dute gaua", deitoratu dute.
EITB Media
Aita Marik 108 pertsona lehorreratu ditu Salernon (Italia), eta salatu du Italiako Gobernuak hartutako erabakia dela eta denboralea zeharkatu behartu izan dutela 25 korapilotik gorako boladekin eta bi metrotik gorako olatuekin. Izan ere, ez die utzi gertuagoko ezein kai segurutan porturatzen, Itsas Salbamendu Humanitarioak ohar batean azaldu duenez.
Aita Marik 108 pertsona erreskatatu zituen larunbatean, Mediterraneoan. Italiako Gobernuak Salernoko portura jotzea eskaini zien bizirik atera diren pertsonak lehorreratzeko, "praktikan, urruneko portua, gobernuz kanpoko erakundeak ahitzeko estrategia", salatu du.
"108 pertsona erreskatatu ditugu, eta bi egunez nabigatu behar izan dugu Salernoko portuan lehorreratu ahal izateko, Piantedosi dekretua aplikatuta, atzo gauerdian haize eta olatu denborale gogor batek laguntza humanitarioko ontzia astindu zuen", azaldu du gobernuz kanpoko erakundeak.
25 korapiloko ufadekin eta bi metro baino gehiagoko olatuekin "erreskatatutako pertsona guztiek blai eginda eta hotzak hartuta igaro dute gaua, nahiz eta tripulazioa ahalegindu", deitoratu dute.
Azaldu dutenez, egoera horren berri eman zitzaien Italiako agintariei, eta gertuen zuten portua ematea eskatu. Eskaera horri "ez zioten erantzun, eta Salernoko porturaino ordu luzez nabigatzera behartu gintuzten", erantsi dutenez.
Sufrimendu handiagoa
"Nabigazioaren baldintza gogorrek eragindako sufrimendua ez zen beharrezkoa, eta ekidin zitekeen Italiako Gobernuak Salernoko portua baino gertuago dagoen portu bat eman izan baligu", kritikatu dute.
"Berriro ere salatu nahi dugu Italiako Gobernuak beste behin urratu egin dituela printzipio humanitarioak, erreskate eremutik urrun dagoen portu bat eskaini baitigu", salatu du Amaia Iguaran gobernuz kanpoko erakundearen presidenteordeak.
Aita Mari ontziak, Mediterraneoan lanean hasi zenetik, 1.522 pertsona bizirik erreskatatzea lortu du.