Gizartea -
Ostalaritza
Terrazak goizago ixtea eta aire zabaleko estufak debekatzea proposatu du Donostiako Udalak
Udal gobernuak 2014tik indarrean egon den ordenantza aldatzea onartu du gaur. Orain, oposizioko taldeek zuzenketak aurkezteko epea dute. Araudi berria urrian sar liteke indarrean.
Agentziak | EITB Media
Hiriko ostalaritzak lurzoru publikoa okupatzearen inguruko ordenantza aldatzeko proiektua onartu du gaur Donostiako udal gobernuak. Araudi berriak 2014tik indarrean dagoena ordezkatuko du, eta besteak beste, terrazak goizako ixtea —ordu erdi eta ordubete artean, terraza motaren arabera— eta aire zabalean dauden estufak debekatzea proposatuko du.
Eneko Goia Donostiako alkateak eta Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak prentsaurrekoan aurkeztu dute proiektua. Euren esanetan, prozesu "luzea" izan da, "sei hilabete baino gehiagokoa". Goiak azaldu duenez, "indarrean dagoen ordenantza errealitate eta premia berrietara" egokitzen saiatu dira.
Tarte horretan, ostalaritza sektorearen, auzokideen eta elkarteen ekarpenak jaso dituzte. Guztira, 39 proposamen orokor jaso dituzte, eta hiru zehatzagoak, besteak beste, Adegi Hoteles, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea eta Parte Zaharrean Bizi elkarteek aurkeztutakoak.
Behin aldaketa onartuta, udal taldeek zuzenketak aurkezteko aukera izango dute. Goiaren kalkuluen arabera, ordenantza berria urrian sar liteke indarrean.
Itxiera-orduak, terraza motak eta beste
Donostiako udalak bi terraza-denboraldi bereizi ditu: urte osokoa eta udakoa, eta horren arabera zehaztuko dituzte itxiera-ordutegiak. Urteko denboraldia duten terrazek (lokalen % 95) udan 23:00 arte zabaldu ahalko dute igandetik ostegunera, eta 01:00 arte, ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan. Zarratzeko ordutegia ordu erdi aurreratuko dute, horrenbestez. Udaz gainerako sasoietan, honakoak izango dira itxiera-ordutegiak: 22:30 arte, igandetik ostegunera, eta 24:00 arte, ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan. Udako denboraldia duten terrazentzat (Aste Santutik urriaren 15era), ordubete aurreratuko dute itxiera: 23:00 arte, igandetik ostegunera, eta 01:00 arte, ostiraletan, larunbatetan eta jai-bezperetan.
Ordenantza berriak bost terraza mota ezarri ditu, kalean dagoen espazioaren arabera, eta jar daitezkeen altzariak zehaztu.
Bestalde, gas-berogailuak eta berogailu elektrikoak debekatuta egongo dira, atmosferara isuri kutsatzaileak botatzen dituztela eta ingurumena errespetatu behar dela kontuan hartuta. Eremu itxietan daudenak bakarrik egongo dira baimenduta. Dena dela, gaur egun estufa jartzeko baimena duten terrazek gailuok erabiltzen jarraitu ahal izango dute, lizentzia iraungi arte. Baimena iraungita, kendu egin beharko dituzte. Era berean, ezin izango da terrazetan kartelak jartzea, eguneko menuaren eta bestelakoen berri emateko.
Parte Zaharrari dagokionez, orokorrean, ezingo dira terrazak jarri zamalanak amaitu arte, Sarriegi plazan, Bretxan, Ijentean eta Esterlinesen izan ezik; azken horren kasuan, anbulatorioa itxi zenetik, kamioiak bertatik igarotzeak ez die terrazei eragiten.
Halaber, ez da baimenduta egongo Konstituzio plazako edo Boulevardeko ataripe eta arkupeetan terrazak jartzea, eta espazio horiek libre geratu beharko dira.