Gizartea -
Heriotza
Teresa del Valle ikertzaile eta antropologia feministaren bultzatzailea hil da
Antropologiaren hainbat arlotan ikerketa lan ugari egin zituen, beti ere feminismoaren ikuspuntutik. Besteak beste, Berdintasunerako Emakunde Saria eta Eusko Ikaskuntza saria jaso zituen.
Agentziak | EITB Media
Teresa del Valle Murga, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Antropologiako katedradun emeritua eta antropologia feministaren bultzatzaile izandakoa, hil da, Unibertsitateak jakinarazi duenez.
1937an Donostian jaioa, 60ko eta 70eko hamarkadetan egin zituen Historia eta Antropologia ikasketak Del Vallek, AEBn. Guam eta Hawaiiko unibertsitateetan lanean aritu zen Mikronesiako emakumeen kultura, historia eta ohiturak aztertzen, eta han egin zuen lehen doktoretza. Ondoren, Euskal Herrira itzuli zen, eta Gizarte Antropologiako katedra atera zuen 1987an, EHUn.
Irakaskuntzan eta ikerkuntzan ibilbide luzea izan zuen. Besteak beste, 40 urte baino gehiago aritu zen irakasle lanetan, bai EHUn bai atzerriko unibertsitateetan ere, eta dibulgazioan lan garrantzitsua egin zuen eta argitalpen ugaritan hartu zuen parte.
Kritika feminista gizarte antropologian, hiri antropologia, antropologia politikoa, memoriaren etnografia eta metodologia kualitatiboak izan ziren bere ikerketa-ildo nagusiak.
Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea eta European Association of Social Anthropologists elkartearen sortzaileetako bat izan zen.
Sariak ere jaso izan zituen; besteak beste, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien arloko Eusko Ikaskuntza saria (2018) eta Berdintasunerako Emakunde Saria (2010).
2018an, Eusko Ikaskuntzako saria jaso ondoren Radio Euskadiko Boulevard saioan egin zioten elkarrizketan, "feminismoa geldiezina" dela aldarrikatu zuen.