Gizartea -
TRAFIKOA
Bere onera itzuli da N-1 eta A-15 errepideetako trafikoa, Andoainen izandako istripuak ilarak sortu ondoren
Ezbeharraren ondorioz, ezkerreko erreia itxi dute Andoainen, Donostiarako noranzkoan. Halaber, kontrako norabidean eta A-15ean ere auto ilarak sortu dira.
EITB Media
Sei ibilgailuk istripua izan dute gaur goizean N-1 errepidean, Andoain parean, eta horrek ilara luzeak eragin ditu Gasteizera bidean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 07:45 aldera gertatu da eta, ondorioz, erreietako bat itxi dute Gasteizera bidean. Hori dela eta, 7 kilometrorainoko ilarak sortu dira.
Halaber, lau pertsona arin zauritu dira eta Tolosako Asuncion Klinikara eraman dituzte.
Istripua Gasteizera bidean gertatu bada ere, Donostiarako noranzkoan ere auto-ilara luzeak sortu dira, 9 kilometrokoak, gutxienez.
Horrez gain, A-15ean ere auto-ilarak sortu dira N-1eko lotunean.
Istripua izan duten ibilgailuak bidetik kendu ostean, zirkulazioa bere onera itzuli da.