Gizartea -
PROPOSAMENA
Bizkaiko lehen paradorea har dezake Durangok
Pinondo Etxea, Garai Jauregia eta ospitale zaharra dira paradore izateko aukera duten Durangoko eraikinak.
EITB MEDIA
Bizkaia da paradorerik ez duen Espainiako Estatuko lurralde bakarra. Orain, Durangoko hiru eraikin historikok dute izendapen hori jasotzeko aukera: Garai Jauregiak (Kurutziaga kalea), Pinondo Etxeak (Pinondo kalea) eta ospitale zaharrak (San Agustin kalea).
Carlos Garcia Durangoko PPren zinegotziaren ekimena da. Talde Popularraren bidez, mozio bat bideratu zuen Espainiako Gobernuko Senatura, eta atzo egindako bozketan, proposamenak aurrera egin zuen, aldeko 20 boto eta 11 abstentziorekin. PPk, EAJk eta Talde mistoak babestu zuten mozioa.
Joan den urtearen hasieran igorri zuen txostena Garciak, aipatutako hiru eraikinetako bat paradore izendatzeko proposamenarekin. Egun, hirurek ez dute inolako erabilerarik.
Behin Senatuak onartuta, Espainiako Paradoreen Sareari dagokio hautagaitzak aztertzea eta, hala erabakiz gero, hiruretako bat paradore izendatzea.
Durangoko Udalaren babesa du ekimenak.