Gizartea -
IRAGARPENA
Hotza eta izotza izango ditugu gurean asteburu osoan
Denboralea arintzen hasi da, baina asteburu hotz-hotza dugu aurretik, bereziki larunbatean. Atzo 780 tximista erori ziren Euskadin.
Erredakzioa
Euskalmet euskal meteorologia agentziak iragarri duenez, azken orduotako denboralea arintzen hasi da, baina, asteburura begira, hotza eta izotza izango ditugu nagusi gurean, bereziki larunbatean.
Ostiralean, neguko giroarekin jarraituko dugu, baina arratsaldean hobera egingo du. Egunaren lehen partean, euria izango dugu batik bat. Arratsaldean, ordea, atertzera egingo du, eta ostarteak zabalduko dira. Elurra 800-900 metrorik gora egingo du. Ekialdeko eta ipar-ekialdeko haizeak joko du, eta tenperatura maximoak 6 ºC-ren bueltan geratuko dira.
Larunbata benetan hotza izango da, eta jardunaldi hotz baina lehorrarekin abiatuko dugu abendua. Kostaldean, 0 eta 5 gradu arteko tenperatura izango dugu, eta barnealdean, berriz, -5 eta 0 artekoa. Egunaren bukaeran euria botako du, eta tenperatura leunagoak izango dira.Iganderako egun euritsua iragarri du Euskalmetek, eta elur-mailak gora egingo du. Igandeko lehen orduetan, 1.000 metrora egongo da, eta, eguna bukatzerako, 1.500 metrora igoko da.Hurrengo asteko lehen egunetan, tenperatura leunak izango ditugu, eta aste erdian behera egingo dute.
780 tximista, egun bakar batean
Atzo, egun bakar batean, 780 tximista erori ziren Euskadin, uda osoan zenbatu direnen erdia.