Gizartea -
EGURALDIA
Hego-ekialdeko haize indartsuak tenperaturan eragingo du ostiral honetan
Tenperatura igoeraren ondoren, larunbatean hodeiak ugaritu eta euria egingo du nonahi, zenbait lekutan ekaitza ere lehertu daiteke. Igandean aire masa hotz bat etorriko zaigu, eta horrek tenperaturak jaitsaraziko ditu.
EITB Media
Azken egunetako eguraldi egonkorraren ondotik, giroa ezegonkortu egingo zaigu asteburuan. Larunbatean euria egingo du ia denean, eta igandean aire masa hotz bat etorriko zaigu, eta horrek tenperaturak jaitsaraziko ditu.
Gaur hego-ekialdeko haizea indartsu ibiliko da eta horrek eragina izango du tenperaturetan. Ipar isurialdean igo egingo da eta hegoaldean, berriz, antzekoa edo apur bat baxuagoa izango da. Egunak aurrera egin ahala hegoaldetik hodeiak iristen joango dira eta arratsaldean zerua hodeitsu geratuko da. Baliteke egunaren amaieran zaparradaren bat egitea han edo hemen, bereziki hegoaldean. Halaber, lehen orduetan lainoa sor daiteke hegoaldean, bereziki Ebro ibarrean.
Larunbat goizean giro nahiko lasaia nagusituko da, eta, hodeiak egongo badira ere, euria egiteko probabilitatea nahiko txikia izango da. Arratsaldean egoera aldatu egingo da. Hodeiak ugaritu eta zaparradak nonahi botako ditu; zenbait lekutan ekaitzak ere jo dezake. Hegoaldeko haizea ibiliko da, baina indarra galduko du, eta arratsaldean kostaldean brisa sartuko da. Era horretan, tenperaturak behera egingo du kostaldean, baina hegoaldean maximoak apur bat igoko dira.
Igandean giro motela espero dugu. Haizeak iparraldetik eta ipar-mendebaldetik joko du, indar handirik gabe, eta tenperaturak behera egingo du lurralde osoan. Zerua estalita egongo da egunaren zati handi batean eta zaparradak botako ditu eguneko edozein momentutan.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.