Gizartea -

Bizkaia

Lekeitioko musika bandak bere jarduera etengo du, zuzendariaren kontrako salaketen polemika betean

Udalaren arabera, zuzendariak ikasleei eragindako tratu txarren salaketak jaso ditu. Banda elkarte batek kudeatzen duen arren, zuzendariaren kontratua Udalarena da, eta hainbat arrazoi argudiatuta, haren kontratua eten du. Zuzendariak eta elkarteak salaketak "faltsuak" direla diote.

Lekeitioko musika banda, agerraldi batean. EITB Media
Lekeitioko musika banda, agerraldi batean.
Lekeitioko musika banda, agerraldi batean. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

158 urteko ibilbide luzearen ondoren, Lekeitioko (Bizkaia) musika bandak bere jarduera etengo du apirilean, zuzendariak ikasleak jazarri dituela esanez hainbat salaketa jaso ostean.

Garai batean udal banda zen arren, duela 20 urtetik irabazi asmorik gabeko elkarte batek kudeatzen du. Urtero hitzarmena izenpetu izan du Udalarekin, dirulaguntzak jasotzeko eta zuzendaria kontratatzeko. Hain justu, zuzendariaren kontratua otsailaren 28an eten zuen Udalak, haren kontrako salaketak zein beste arrazoi batzuk tarteko.

Lekeitioko Udalak ohar bidez azaldu duenez, zuzendariaren kontrako dozena bat salaketa jaso dituzte, tratu txar psikologikoak eta mehatxuak egotzita. Martxoaren 5ean, helbide elektronikoz jaso zuten lehen salaketa anonimoa (aurrez, sare sozialen bidez zabaldu ziren). Jaurlaritzan kontsulta egin ostean, Udalak posta elektronikoko helbide bat jarri zuen herritarren eskura, balizko biktimek euren lekukotzak helarazteko. Ordutik 12 salaketa jaso dituzte, batzuk aurrez aurre, eta tartean adingabeak daudela. Gainera, banda zuzendariari azalpenak emateko aukera eman zioten.

Arrazoi horiez gain, Udalak jakinarazi du "behin eta berriro" eskatu dioten arren, zuzendariak ez diela aurkeztu titulazioa. Gainera, finantzazio arazoak ere badaude, "Lekeitio moduko herri txiki batentzat gaitza" delako "Musika Eskolara ia 200.000 euro bideratzea, eta ia 100.000, Bandara".

Banda kudeatzen duen elkarteak ere oharra atera du, salatu zuzendaria kontratatzea "ezinezkoa" zaiela, boluntarioak baitira elkartean. EITBk elkartearen batzarrarekin eta zuzendariarekin hitz egin du, eta biek ala biek tratu txar salaketak "faltsuak" direla esan dute. Era berean, salatu dute Udalaren maniobra dela, banda desager dadin. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Lekeitio Albisteak