Gizartea -

Birziklatzea eta asmamena

Trukea, Interneteko 'salerosketetarako' joera berria

Bizikletak, xurgagailuak, ordulariak... Gaur egun, denetarik erabil daiteke Sarean truke egiteko, hainbat webguneri esker. Atari horietako batzuk, gainera, Euskadin egindakoak dira.

'Telocambio' kontuko erabiltzaileetako batek esakini duen josteko makina, Argazkia: Facebook
'Telocambio' kontuko erabiltzaileetako batek esakini duen josteko makina, Argazkia: Facebook
'Telocambio' kontuko erabiltzaileetako batek esakini duen josteko makina, Argazkia: Facebook

A. A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisi ekonomikoak gauzei erabilera berriak emateko asmamena edo dirua hobeto banatzeko gaitasuna izatea eragiten du. Horrela, Internet ordaintzeko modurik zaharrena eta teknologia berriak uztartu dituen plataforma bilakatu da. Gauzak edo zerbitzuak trukatzeko webgune ugari sortu dira azken urteetan, Sarean.

Atari horietako bat Facebookeko "Telocambio" kontua da. Iñakleto Agente Secreto ezizenarekin ezagutzen duten gasteiztar batek sortu zuen profila: "Duela urtebete, erabiltzen ez nuen sakelako telefono bat nuen, eta hauxe pentsatu nuen:: zergatik ez dut Facebooken talde bat sortzen eta beste zerbaiten truke aldatzen?".

Hortaz, trukea egiteko bide berri hau sare sozialen bitartez ahaztuta ditugun gauza horiei erabilera emateko modu bat da. "Salerosketarako" kontzeptu berri hori Rachel Botsman estatubatuarrak aipatu zuen lehen aldiz. Botsmanek kontsumismoa baino trukea bultzatzeko aldaketa kultural eta ekonomiko bat sustatzen du.

Beharra eta ekologia

"Telocambio" profilaren funtzionamendua oso sinplea da. "Lehenik, taldean sartzeko eskakizuna egin behar da. Ondoren, pertsona bakoitzak nahi duena eskain edo eska dezake. Interesa duenak mezuari erantzun diezaioke. Gainera, argazkiak eta bideoak atxiki daitezke", azaldu du sortzaileak. Behin elkarrekin harremanetan jarrita, trukea nola eta non egingo duten adostuko dute erabiltzaileek.

"Trukea aspalditik erabiltzen ez ditugun gauza horiek mugitzeko modu baliagarria da. Pena da hautsa batzen egotea eta behar dituen norbaitek berriak erostea", esan du Ilia Mitxelena "Telocambio" taldeko erabiltzaileak.

Horrela, zerbaitetan abilak bagara, edo beste batzuentzat erabilgarriak izan daitezkeen gauzak baditugu, euro bat ere gastatu gabe behar dugun beste zerbaiten truke aldatzeko aukera bikaina da hau. "Zapatak, lanparak, haizagailu bat eta furgonetarako piezak eskaini ditut. Zerbait eskatzen dudanean, nire lana eskaini ohi dut. Artisaua naiz eta zilarrarekin lan egiten dut", azaldu du Mitxelenak.

" Trukea egiteko aukera ematen zuten beste hainbat webgune ezagutzen nituen, baina tresna dinamikoago bat behar nuen. Facebooken horrelako talde batek behar duen berehalakotasuna eskaintzen du", esan du Iñakletok. "Telocambio" lagunartean erabiltzeko sortu zen, baina pixkanaka-pixkanaka 3.300 jarraitzaile baino gehiago bildu ditu.

"Sareari esker, jende gehiagorengana irits gaitezke. Erreminta ona da", gaineratu du Mitxelenak.

Objektuak baino gehiago

Pertsonen arteko harremanak ere sustatzen dute horrelako atariek. Kasu batzuetan, adiskide berriak ere egin dituzte "Telocambio" atariko erabiltzaileek.

"Batzuetan gauza zehatzak eskatu ditut. Antxonekin oso truke dibertigarria egin nuen. Nire tailerrean pladurra jartzeko asteburu osoa elkarrekin pasa genuen, eta adiskidetu egin ginen", adierazi du Mitxelenak. "Jende jatorra eta energia ona", hori da Mitxelenak horrelako atarietan topa daitezkeen gauzen artean nabarmendu duena.

Azenarioekin ordaindu

"Agur unused. Kaixo useful" lelopean, Zesta Punta ataria sortu dute.bi bilbotarrek, New Yorken bizi den iruindar batek, greziar batek eta Londresen bizi den enpresari batek. Kultura ezberdinetako nahasketa hori "behar dituzun gauzak doan eskuratzeko, erabiltzen ez dituzunak partekatzeko, jende interesgarria ezagutzeko eta ondo pasatzeko" proposamen bat da, sortzaileen esanetan.

Zesta Punta atarian, "salerosketa" egiteko txanpona azenarioak dira. Jokalari bakoitza bost azenariorekin hasiko da, eta "gehiago lortzeko lagunak gonbidatu, gauzak eskaini, beste jokalari bat ebaluatu edo iradokizunak egin ditzake".

"Ez dut truke berezirik egin, baina janariaren truke sexua eskaintzen zuen erabiltzaile bat izan genuen. Krisiak egoera sinestezinak eragiten ditu", adierazi du Iñakletok. Horregatik, erabiltzaileak erabaki beharko du plataforma horietan eskaini eta jaso nahi duenaren muga non dagoen. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea