Gizartea -
GARRAIOA
Zumarraga, Beasain eta Ordizia Donostiarekin lotuko dituen Lurraldebuseko linea, hilaren 28an martxan
Autobusa Zumarragako tren geltokitik abiatuko da, eta Beasain eta Ordiziako tren geltokietan (autobusera igotzeko bakarrik) eta Tolosako Santa Klara komentuan (jaisteko bakarrik) egingo ditu geldialdiak.
Agencias | EITB MEDIA
Lurraldebusek linea berria izango du apirilaren 28tik aurrera Gipuzkoan, Zumarraga, Beasain eta Ordizia Tolosa eta Donostiarekin batuko dituena. Astelehenetik ostiralera, goizeko seiak eta laurdenetan hasiko da martxan, bi norabideetan.
Linea berri honek gaueko bederatziak eta laurdenak arte egingo ditu bidaiak astelehenetik ostiralera, eta asteburu eta jaiegunetan 120 minutuan behin eskainiko du zerbitzua 08:15 eta 22:15 bitartean.
Ibilbide osoak ordu eta laurdeneko iraupena izango du, eta 1,37 euroko prezioa izango du Mugi txartel pertsonalizatuarekin ordaintzen dutenentzat eta 5,10 eurokoa hobaririk gabeko txartel arruntarekin ordaintzen dutenenetzat. Ibilbide bakoitzeko kostua 1,80 eurokoa izango da Mugi anonimoaren erabiltzaileentzat.
Autobusa Zumarragako tren geltokitik abiatuko da, eta Beasain eta Ordiziako tren geltokietan (autobusera igotzeko bakarrik) eta Tolosako Santa Klara komentuan (jaisteko bakarrik) egingo ditu geldialdiak.
Gipuzkoako hiriburuan, Ibaeta auzotik sartuko da autobusa, eta EHUko Psikologia Fakultatean geldituko da, eta autobus geltokian amaituko du bidaia. Kontrako noranzkoan, geldialdi berberak egingo ditu Donostian, eta Tolosara (Rondilla kalea) iritsiko da gero. Bertan, autobusera sartu ahal izango da, baina ez jaitsi.
Ondoren, Ordiziara (Garagartza plaza) eta Beasainera (Zelaeta Berri plaza) joango da, Zumarragako tren-geltokian amaitu aurretik.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, bere sailaren "apustu estrategikoetako bat" da, eta "goierritarren aldarrikapen historiko bati" erantzuten dio, "Urola Garaiko konexioak hobetzeaz gain".