Gizartea -
MIGRAZIO POLITIKA
Frantziako Barne ministroaren hitzek haserrea eragin dute Iparraldean etorkinei laguntzen dieten elkarteengan
Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko kideak ohartarazi du polizia kontrolak areagotzeak ez duela migrazioa etengo, fenomeno hau bultzatzen duten oinarrizko arazoak desagertu ezean: "pobrezia, gerrak etab."
ASIER ARBELAITZ | EITB MEDIA
Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroak Ipar Euskal Herria bisitatu zuen atzo. Mugako kontrolak gutxienez beste sei hilabetez luzatuko direla iragarri zuen eta ohiko argudioei -terrorismoaren zein droga-trafikoaren kontrako borroka- beste bat ere gehitu zien: "presioa migratorioari aurre egitea". Europar Batasunean "kanpo zein barne hesiak behar" direla esan zuen eta mugetan migranteei laguntzen dituzten elkarteez esan zuen "elkartasunaren faltsuaren itzalean, migratzaileen trafiko higuingarria" sustatzen dutela.
Hitz horien aurrean, haserre mintzatu dira gaur Ipar Euskal Herriko hainbat eragile.
Amaia Fontang Etorkinekin Diakite kolektiboko kideak ohartarazi du mugetan poliziaren kontrolak areagotzea ez dela migrazio krisia gainditzeko irtenbidea: "Gogortze handi bat bada, migrazioaren kontrako politikak hor dira, baina ezartzen dituzten poliziak ezartzen dituztela ere, Migrazioak jarraitu egingo du migrazioa bultzatzen duten arrazoiek hor jarraitzen baitute: pobrezia, gerrak..."
Peio Dufau EHBaiko diputatuak ere Ipar Euskal Herrian pertsona migranteekin lan egiten duten elkarteen lana babestu du. Frantziak hartzen dituen erabakiak hartzen dituela ere, Iparraldeak "harrera herria" izaten jarraituko duela adierazi du eta beti egongo dela Retailleau eta eskuin muturraren erabakien aurka. Dufauk adierazi du "Ipar Euskal Herria, Euskal Herri osoa bezala, antifaxista" dela.
Aitzitik, protestei indarra kendu dienik ere bada. Henri Levrero Iparraldeko alderdi errepublikanoko arduradunak, esate baterako, X sare sozialetan idatzi duenez, atzo hainbat elkartek ministroaren bisitaren aurka deitutako protestak porrota izan ziren, eta erridikulizatu egin du bildutako jende kopurua.