Gizartea -
Indarkeria matxista
Gaur epaituko dute Uharteko jaietan bederatzi adingaberi sexu erasoak egiteagatik akusatutako gizona
Nafarroako Lurralde Auzitegiak baieztatu duenez, aldeek akordioa itxi dute, eta 10:00etatik aurrera emango dituzte xehetasunak. 31 urteko espetxe zigorra eskatu dute ustezko erasotzailearentzat, 2024ko irailean hainbat neskatori sexu erasoak egitea egotzita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Astelehen honetan hasiko da, Nafarroako Lurralde Auzitegian, Uharteko jaietan 16 urtez azpiko bederatzi neskatori sexu erasoak egiteagatik akusatutako barraketako langilearen kontrako epaiketa. Fiskaltzak 31 urte eta erdiko espetxe zigorra edo espainiar Estatutik 10 urtez kaleratzea eskatu du ustezko erasotzailarentzat. Epaitegietako iturriek baieztatu dutenez, akordioa itxi dute aldeek, epaiketa abaitu aurretik. 10:00etan emango dituzte xehetasunak.
2024ko irailean gertatu ziren erasoak, Uharteko jai eremuan. Salaketak dionaren arabera, gizon horrek, "lizunkeriaz", ukituak egin zizkien barraketan zebiltzan bederatzi adingaberi, "bertara igo eta jaisteko unean".
Neskato guztiei ezinegon emozionala (urduritasuna, lo egiteko arazoak, amesgaiztoak, nazka eta lotsa) eragin die gertatutakoak, Fiskaltzak bere idatzian jaso duenez.
Hori dela eta, adingabe bakoitzari egindako sexu erasoagatik hiru urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Espetxe zigorraren ordez, Estatutik 10 urtez kanporatzeko aukera ere proposatu du.
Bestalde, urruntze agindua eskatu du akusatuarentzat, eta zortzi urtez biktimekin harremanetan jartzeko aukera eragoztea. Neskato bakoitzari 2.000 euroko kalte-ordaina ematea ere galdegin du fiskalak.