Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Zazpi urtez kanporatu egingo dute Uharteko jaietan bederatzi adingaberi sexu erasoak egin zizkien gizona
Nafarroako Lurralde Auzitegian goizean egin den ahozko saioan, 35 urteko gizonezkoak onartu egin ditu leporatzen zaizkion delituak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Uharteko (Nafarroa) iazko jaietan bederatzi adin txikikori sexu erasoak egiteagatik atxilotutako gizonezkoa kanporatu egingo dute zazpi urtez Espainiako Estatutik. Gaur zen epaiketa hastekoa Nafarroako Lurralde Auzitegian, baina aldeek akordioa itxi dute saioa hasi aurretik. Hala, epaileak 18 urteko espetxe-zigorra (2 urte eraso bakoitzeko) ezarri dio erasotzaileari, baina horren ordez, kanporatze-zigorra bete dezala adostu dute: zazpi urtez Espainiako Estatutik kanpo egon beharko du.
Behin epe hori igarota akusatua Espainiako Estatura itzultzen bada, ezingo du biktimen bizitokietara eta horiek dauden lekuetara hurbildu (200 metroko urruntze agindua) bederatzi urtetan. Denbora horretan zaintzapean egongo da eta ezin izango da adin txikikoekin lotura izan dezakeen ezein lanbidetan aritu.
Zigor Kodearen arabera, auzipetu bati delitu batengatik gehieneko zigorra ezarriz gero, ezin zaio ezarri horren hirukoitza baino handiagoa den zigor orokorra. Kasu honetan, bi urteko hainbat zigor dituenez, gehienez sei urtekoa izango litzateke kartzelaldia, kanporatzea erabaki izan ez balitz.
Eragindako kalte moralengatik hasieran eskatutako kalte-ordainak jasotzeari uko egin diete biktimek.
2024ko irailean gertatu ziren erasoak, Uharteko jai eremuan. 35 urteko gizonak ukituak egin zizkien barraketan zebiltzan bederatzi adingaberi, bertara igo eta jaisteko unean. Bertako langilea zen.
Nafarroako Lurralde Auzitegian goizean egin den ahozko saioan, akusatuak onartu egin ditu leporatzen zaizkion delituak, eta bi aldeek zigorra ontzat emandakoan, epaileak ebazpen irmoa igorri du.
Idatzian, Fiskaltzak dio erasoen ondorioz, biktimek arazo emozionalak dituztela. Besteak beste, urduritasuna, lo egiteko arazoak eta bestelako nahasmenduak aipatu ditu.
Epaia ezagutu ondoren, Beatriz Gurucelain akusazioaren abokatua pozik agertu da hedabideen aurrean, bereziki, "gizonezko hau Estatutik kanpo" egongo delako. Bere hitzetan, akordioak "zigorra" ahalbidetu du.
Bere aldetik, Lurdes Pascual defentsaren abokatuak esan du akordioa ontzat eman bada ere, akusatuak ez dituela gertakariak bere horretan aitortzen.