Gizartea -
berdintasuna
Emakundek berdintasunerako online ikastaroen bigarren edizioa jarri du abian
Bigarren edizio honek berdintasunaren, ziberfeminismoaren, berdintasunean heztearen eta emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko 10 gairi buruzko 35 ikastaro dakartza. Ikastaroak doakoak dira eta Emakunderen webgunean eman daiteke izena.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak herritarrak berdintasunean sentsibilizatzeko eta prestatzeko sareko Berdintasun Eskolaren bigarren edizioa jarri du martxan, lehenengoaren arrakasta ikusita, eta hainbat gairi buruzko doako eta kalitatezko 35 ikastaro ekarriko ditu.
Miren Elgarresta zuzendariak aurkeztu du astelehen honetan Gasteizen Emakunderen Berdintasun Eskolaren bigarren edizioa. Ikastaroetako irakasleetako bat ere izan da aurkezpen ekitaldian, Pilar Kaltzada kazetaria, hain zuzen ere, eta 'Genero ikuspegidun komunikazioa' izeneko ikastaroa eman die bertaratutako hedabideei.
Bada, berdintasunean herritarrengan sentsibilizazioa piztea, prestatzea eta gaitzea bultzatzen duen sareko gune bat da Emakunderen Berdintasun Eskola, eta aurtengo edizioa aurrekoaren esperientzia arrakastatsuaren ondoren jarri da abian, ikastaroa iragarri eta denbora gutxira bete baitziren.
www.emakunde.euskadi.eus/berdintasun-eskola webgunean, "kalitatezko prestakuntza eskaintza" eskainiko da, doakoa eta pertsona orori egokitua, berdintasunarekin, aniztasunarekin eta feminismoarekin lotutako gaietan interesa duen publiko zabalak har dezan.
"Gure gizartean balioak aldatu nahi baditugu, ezinbestekoa da herritarrek benetako berdintasuna zer den ondo jakitea", adierazi du aurkezpenean Miren Elgarrestak.
Nabarmendu duenez, "berdintasunari buruzko prestakuntza berdintasun politiken oinarrizko zutabea da. Prestakuntza hori, legearen arabera, giza eskubideen, generoaren eta feminismoaren ikuspegitik garatu behar da, eta ikuspegi intersekzionaletik ".
Eskolaren lehenengo edizioari esker agerian geratu zen herritarrek, enpresek eta erakundeek genero ikuspegia integratuko duen prestakuntza jasotzeko gero eta interes handiagoa dutela.
Horrela, aztertutako datuen arabera, 2.164 pertsonak parte hartu zuten, horietatik 1.829 emakumeak, eta gehienak EAEkoak (% 87). Ikasleek egindako batez besteko balorazioa 8,5 puntukoa izan zen; % 93k ziurtatu zuten ikastaroa baliagarria izan zela bizitza pertsonalerako, eta % 92k aitortu zuten baliagarri zutela lanerako. Bada, Emakunderen Berdintasun Eskolaren prestakuntza eskaintza berdintasunaren inguruko hamar gairi buruzko 35 ikastarok osatuko dute aurten: 18, euskaraz, eta 17, gaztelaniaz.
Landuko diren gaien artean, berdintasunari buruzko oinarrizko ikastaro batez gain, ziberfeminismoa, ahalduntze feminista, genero ikuspegia, hezkidetza, emakumeen aurkako indarkeria, berdintasunezko maskulinitateak, berdintasuna kirol praktikan, osasungintzan, komunikazioan, ekonomia feminista, ekofeminismoa, enpresetako berdintasun planak eta abarri buruzko ikastaroak izango dira.
Gehienak publiko orokorrarentzat badira ere, batzuk espezifikoak dira, hala nola berdintasun planei buruzko ikastaroa, enpresei zuzendua, edo maskulinitateei, berdintasunari eta kirol praktikari buruzkoa, kirol erakunde eta klubei zuzendua.
"Sortzen ari diren eskariak kontuan hartu dira, administrazioko langileez harago doazen publiko berriak identifikatu dira, eta metodologia eta formatu berriak proposatu dira", gogorarazi du Emakunderen zuzendariak.
Gai horiez gain, 'Gizonduz' ekimenaren prestakuntza eskaintza ere jasotzen du web atariak, gizonak berdintasunaren alde sentsibilizatu daitezen eta parte har dezaten. Ikastaroak urte osoan zehar egingo dira, doakoak dira eta Emakundek ikastaroen aprobetxamendua egiaztatuko du.