Gizartea -
Aisialdia eta turismoa
Ihes gelak: mundu osoko turistak Euskal Herrira erakartzen dituen fenomenoa
Duela hamarkada bat iritsi ziren ihes gelak Euskal Herrira. Ordutik, sektorea indartzen joan da eta, gaur egun, milaka jarraitzaile erakartzen ditu. Euskal Herria, gainera, zaleen erreferente bilakatu da, Gasteizen baitago Europako gela onenaren eta munduko bigarrenaren saria eskuratu duen aretoa.
A. Aramendi Elduaien | EITB Media
Aste Santua garai egokia izan ohi da, gure lurretatik urrun joan gabe, familiako kideekin edo lagunekin aisialdiko plan bereziak egiteko. Ihes gelak (ingelesez escape-room deituak) aukera ona izan daitezke. Euskal Herrian 70 areto inguru ditugu, mota guztietakoak eta arrakasta handia dutenak; besteak beste, Europako ihes gela onenaren eta munduko bigarren onenaren saria eskuratu duen Gasteizko 'Una aventura de leyenda'.
Ihes gelen kontzeptuak bilakaera handia izan du azken urteotan. Hasiera batean, helburua giltzapetutako areto batetik denbora mugatuan irtetea zen eta, horretarako, era guztietako asmakizunak eta probak gainditu behar ziren taldean lan eginez. Gaur egun, jokoaren izpiritua berbera den arren, gainditu beharreko probak garatuagoak dira, areto askotan aktoreek parte hartzen dute, argi eta soinu efektuak sartu dira, probak aire librean ere egin daitezke, kutxa formatua sortu da, eta abar.
Ihes gelak Japonian sortu ziren eta jatorrian 90eko eta 2000ko hamarkadetan arrakasta handia izan zuten ihes egiteko bideo-jokoak daude. Lehen areto fisikoa Tokion zabaldu zuten 2007an, eta, berehala, Europara eta Amerikara zabaldu zen fenomenoa. Euskal Herrira 2014ko udan iritsi zen, Mad Mansion Games enpresak 'Mansion Crowell' izeneko aretoa zabaldu zuenean Bilbon. Bertaratzen ziren parte-hartzaileek misterioak argitu, puzzleak egin eta igarkizunak asmatu behar zituzten jauregitik irten ahal izateko.
Esperientzia honek arrakasta itzela izan zuen eta hilabete gutxitan areto ugari zabaldu ziren, batik bat hiriburuetan. Covid-19aren pandemiak ekarri zuen itxialdiak horietako batzuk ixtea eragin bazuen ere, sektorea indarra hartzen ari da berriz ere. Gaur egun, 70 ihes gela inguru daude Euskal Herrian sektorean espezializatuta dauden webguneen arabera.
Gustu guztiak asetzeko moduko gaiak eta estiloak jorratu dituzte gure inguruko ihes gelek. Batzuk pedagogikoak ere izan daitezke eta historian barrena eraman gaitzakete, Getarian dagoen 'Elkano'-k kasu, edota euskal mitologian murgilduko gaituzte Donostiako 'Mitologik'-ek bezala. Beste batzuetan, Gasteizko 'Lautada' izenekoan esaterako, naturan murgildu gaitezke eta klima-aldaketaren ondorioetatik mundua salbatzen saiatu gaitezke.
Eskari handiena izaten dutenak, alabaina, abenturazkoak, akzioa dutenak eta beldurrezkoak izan ohi dira. Parte-hartzaileei begiratuta, berriz, aukerak asko dira: pertsona helduei zuzendutakoak, haurrekin eta familian egitera bideratutakoak…
Ihes gelak sortzen aritzen diren enpresek ere bilakaera itzela izan dute. Gaur egun, ekintzaren beraren diseinu osoari erreparatzen diote eta xehetasun ugari jartzen dituzte; aretoaren dekorazioak, efektuak, mekanismoak eta ikus-entzunezkoak garrantzia handia hartu dute. Hori dela eta, ihes gela on bat eraiki ahal izateko aurrekontuak asko handitu dira eta proiektuak garatzeko behar diren langile motak ugaritu egin dira. Gaur egun, diseinatzaileekin batera aritzen dira ingeniariak, eszenografiako profesionalak, arotzak, elektrizistak, soinuan eta irudian adituak direnak, aktoreak eta abar luze bat.
Itxaron zerrendak
Euskal Herriko ihes geletako batzuetan erronka erreserba egiteko orduan hasten da. Izan ere, horietako batzuk, batik bat webgune espezializatuetan ongien baloratzen dituztenak, arrakasta handia dute eta itxaron zerrendak dituzte.
Gasteizko 'Una aventura de leyenda' eta 'Tu también soñarás' gelak dira egoera honetan daudenetako bi. Biak Mayto Kingdom enpresako aretoak dira eta sektoreko sarietako batzuk eskuratu dituzte. 'Una aventura de leyenda' gelak Terpeca sarietako (ihes geletako Oscarrak) garaileetako bat izan da; Europako eta Estatuko areto onenaren eta munduko bigarren onenaren saria eskuratu du 400 mila aretoren artean.
Mayto Kingdomeko lantaldea duten arrakasta sinistu ezinda dago. Jaso dituzten sarien eta jendearen balorazio onen ondorioz, mundu osotik etortzen zaizkie bezeroak, hala nola, AEBtik, Japoniatik, Alemaniatik, Australiatik… Asko eta asko ihes gela hauetan aritzeko helburu soilak erakarrita iristen dira Gasteizera.