Gizartea -

Epaia

Lendakaris Muertos musika taldeko gitarrista ohia absolbitu egin dute sexu-eraso delitu batengatik

Ebazpenaren aurka apelazio helegitea aurkez dezakete aldeek. Epaileak azaldu duenez, aldeek "gertakarien gaineko bi deklarazio guztiz antagoniko" egin dituzte epaiketan. Epaileak lokalaren jabeak eta tabernan zegoen lekuko baten testigantzak nabarmendu ditu.

Lendakaris Muertos, 2024ko irudi batean.
Lendakaris Muertos, 2024ko irudi batean.
Lendakaris Muertos, 2024ko irudi batean.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lendakaris Muertos taldeko gitarra-jotzaile ohia absolbitu egin du Iruñeko 4 zenbakiko zigor-arloko epaitegiak sexu-eraso delituagatik, zehazki, Nafarroako hiriburuko taberna batean emakume baten titiburuari ustez atximur egin ziolako.

Fiskalak eta akusazio partikularrak 15 hilabeteko espetxe-zigorra, 5 urteko zaintzapeko askatasuna, adingabeekin harremana izatea dakarren edozein jardueratan aritzeko inhabilitazioa eta 600 euroko kalte-ordaina eskatu zuten.

Epaiaren kontra apelazio errekurtsoa aurkez dezakete aldeek. Ebazpenaren arabera, 2023ko azaroaren 6an, emakumea kontsumizio bat eskatzera sartu zen Iruñeko Karmen kaleko taberna batera. Bertan akusatua zerbitzariarekin hitz egiten ari zen eta, salatzailearen arabera, eraso egin zion. Epaileak adierazi duenez, aldeek "gertakarien gaineko bi deklarazio guztiz antagoniko" egin dituzte epaiketan.

Akusatuak esan zuen aspalditik ezagutzen duela emakumea. Adierazi duenez, egun horretan lokaletik kanpo zegoen bere urtebetetzea ospatzen, eta berak zoriondu egin zuen, ustezko biktimaren kapela ukituta, eta horrek emakumea gogaitu egin omen zuen.

Geroago, neska edari bat eskatzera sartu zenean, akusatuari kapela ukitzeagatik kargu hartu zion, eta hark erantzun zion txantxa zela, eta jertsearen mahukari atximur egin zion. Ondoren, neskak alde egin zuen. Handik bi egunera, bien lagun batek esan zion emakumeak salaketa jarri ziola, beti ere akusatuaren bertsioaren arabera.

Gainera, akusatuak nabarmendu zuen Lendakaris Muertosen abeslari profesionala zela eta, salaketa iritsi zenean, musika taldetik kanporatu zutela. Era berean, arrazoi horrengatik komunikabideetan ageri izan delako "kalte konponezina" jasan duela ziurtatu zuen.

Salatzaileak, bere aldetik, kontatu zuen tabernako terrazan zegoela, lagun batekin, eta akusatuak ez zuela agurtu, biseran ukitzen hasi zitzaion, eta biktimak eskatu zion ez egiteko, baita zerbitzariak ere.

Edaria eskatzera sartu zenean, "lagunei titiburuak ukitzen" zizkiela esan omen zion, eta horixe egin omen zuen. Emakumeak adierazi zuen negarrez eta blokeatuta geratu zela tabernaren jabearekin hizketan.

Emakumeak epaiketan adierazi zuenez, akusatuak ipurdia ukitu zion aurretik, eta emakumeak "hankartea ukitu zion defentsa gisa".

Epaileak lokalaren jabeak emandako testigantza azpimarratu du. Jabeak esan zuen akusatuak besoan atximur egin ziola neskari, eta ukatu egin zuen salatzaileak haren atzetik ezer esan zionik edo "shock egoeran geratu zenik, eta, are gutxiago, negarrez".

Tabernan zegoen lekuko batek ere ukatu egin zuen salatzailea negarrez geratu zela, bai eta antsietate-atakea izan zuela ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Musika Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Feminismoa Sexu erasoak