Gizartea -
Zientzia eta ikerketa
Frogatu dute gonorrearen aurkako antibiotiko bat eraginkorra eta segurua dela, 90eko hamarkadatik lehenengoz
Gonorrea sexu-transmisioz kutsatzen den infekzioa da, eta, behar bezala tratatu ezean, konplikazio larriak eragin ditzake. Ohiko botikekiko erresistentzia kasu kopuruak gora egin du azken urteetan, beraz, behar-beharrezkoa da antibiotiko berriak sortzea.
Agencias | EITB Media
628 pazienterekin egindako saiakuntza kliniko baten arabera, gepotidazina (gernu-aparatuko infekzioen aurkako antibiotikoa) erabili ahal izango da gonorrea tratatzeko tratamendu gisa. 90eko hamarkadatik gaixotasun horren aurka aurkitu den lehen antibiotikoa da. Ikerketaren arabera, eraginkorra eta segurua da, eta botikekiko erresistenteak diren infekzioen aurka funtzionatzen du. Gainera, pazienteen terapiak erraztuko ditu.
Britainia Handiko The Lancet medikuntzako aldizkariak argitaratu ditu ikerketaren emaitzak astelehen honetan eta Mikrobiologia Klinikoaren eta Gaixotasun Infekziosoen Europako Elkartea egunotan Vienan egiten ari den jardunaldietan ere izan dute hizpide. Ikerketan Birminghameko (Erresuma Batua) ospitale unibertsitarioko, AEBko Atlantako eta Louisianako unibertsitateetako eta GSKko zientzialariek hartu dute parte.
Gonorrea edo gonokozia sexu-transmisiozko infekzioa da. Nahiko ohikoa da eta, azkar tratatu ezean, konplikazio larriak eragin ditzake, batez ere emakumeen kasuan. Haurdunaldi ektopikoa eta antzutasuna izateko arriskua areagotu dezake.
The Lancetek azaltzen duenez, azken urteetan areagotu egin dira botikei erresistentzia garatu dioten gonokozi kasuak eta, beraz, infekzio horren aurkako farmako berrien premia larria dago. 90eko hamarkadaz geroztik, ez zegoen infekzio horren aurkako antibiotiko berririk.
Entseguan gonorrea ez-konplikatuarentzako tratamendu potentzial berria (gepotidazina, ahotik hartzeko pilula) egungo tratamendu estandarrarekin (zeftriaxona injekzioa eta azitromizina pilula) alderatu dute, eta ondorioztatu dute botika berria gaur egungo tratamendu estandarra bezain eraginkorra dela. Zehazki, emaitzek egiaztatu dute arrakasta mikrobiologikoaren tasak % 92,6koak direla gepotidazinaren taldean, eta % 91,2koak zeftriaxona-azitromizinoaren taldean.
"Frogatu dugu gepotidazina ez dela N. gonorrhoeae bidezko gonorrea urogenitalerako zeftriaxona eta azitromizinena baino aukera okerragoa. Segurtasun-kezkarik ez du sortu eta ahozko tratamendurako aukera berria ematen du gonorrea urogenital ez konplikatuak tratatzeko", idatzi dute ikertzaileek artikuluan.
Pilula berria eraginkorra izan da orain arteko antibiotikoekiko erresistenteak ziren hainbat anduiren aurka. Ikertzaileek horren garrantzia azpimarratu dute eta tratamendu estandarrekiko erresistenteak diren kasuetan erabili ahal izango dela azpimarratu dute.
Alabaina, ikertzaileek ohartarazi dute azterlana gonorrea urogenitalari erreparatuta egin dela batez ere, eta saiakuntzan parte hartu duten gehienak gizonezko zuriak izan direla. Hori dela eta, ikertzen jarraitzearen garrantziaz ohartarazi dute, tratamendu berriak beste gonorrea mota batzuetan (ondestekoan edo eztarrikoan), emakumeengan, nerabeengan eta hainbat arrazatako pertsonengan duen eragina ikusi ahal izateko.