Gizartea -

KLIMA

2024. urtea historiako beroena izan da Europan, Copernicus eta MMEren txosten baten arabera

Adituek gogorarazi dute Europaren berotze-abiadura mundu mailakoa bikoizten ari dela, eta iazko egunen % 45 batez bestekoa baino askoz beroagoak izan zirela.

Beroaldia. Argazkia: EFE
Beroaldia. Argazkia: EFE
Beroaldia. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erregistroak daudenetik, 2024. urtea Europako beroena izan zen, Copernicuseko Klima Aldaketaren Zerbitzuaren (C3S) eta Meteorologiaren Mundu Erakundearen (MME) txostenaren arabera. Arreta bereziz erreparatu diote Valentziako GOIDI gisako fenomeno klimatikoei.

Neurketa egiteko erabili diren datuen arabera, Europako erdialdeko, ekialdeko eta hego-ekialdeko eskualdeetan, iaz neurtutako tenperaturek markak hautsi zituzten, eta zenbait tokitan 2-3 ºC-ko anomaliak izan ziren batezbestekoaren gainetik, Espainiako hegoaldean barne.

C3Sren datuen multzoaren arabera, iaz Europako batez besteko tenperatura 1991-2020 tartean baino 1,5 ºC gradu altuagoa izan zen, eta 2020ko errekorra gainditu zen (0,3 ºC).

Gainera, iaz Europako itsasoen tenperatura inoizko altuena izan zen, 0,7 ºC egin zuen gora batez beste, eta Mediterraneoan, 1,2 ºC.

Adituek gogorarazi dute Europaren berotze-abiadura mundu mailakoa bikoizten ari dela, eta iazko egunen % 45 batezbestekoa baino askoz beroagoak izan zirela.

2024ko Europako Klimaren Egoerari buruzko txostenak, halaber, ekialdeko Europako lehorteen, prezipitazio-eskasiaren eta kontinentearen mendebaldeko hezetasunaren arteko kontrastea azpimarratu du. Izan ere, 1950az geroztik bildutako datuei erreparatuta, 2024 urte euritsuenetako bat izan zen.

Depresioaren eta uholdeen eraginez (horien artean Valentziako GOIDIa nabarmendu dute), 335 pertsona hil ziren eta 413.000 bat pertsonak pairatu zituzten fenomeno horrek eragindako kalteak.

"Txostenak erakusten du klima aldaketak gogor kolpatzen duela Europa", esan du Elisabeth Hamdouch Europako Batzordeko lurreko behaketa unitatearen presidenteordeak.

Samantha Burgess Epe Ertainerako Aurreikuspen Meteorologikoen Europako Zentroko kideak azaldu duenez, GOIDIa izan zenean, Espainiako prezipitazioen errekorrak hautsi ziren ordubetean, sei orduan eta 24 orduan neurtutako datuei dagokienez: maximoa 771,8 milimetrokoa izan zen, Espainian neurtutako bigarren altuena.

Prezipitazioen intentsitatea klima-aldaketarekin lotuta dagoela esan zuten bai Burgessek bai Carlo Buontempok, C3Sren zuzendariak; izan ere, atmosferako eta itsas azaleko tenperaturak altuagoak izateak hodeietan ur-lurruna metatzea dakar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa