Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Sei urteko espetxea, korde gabe zegoen emakume bati sexu-erasoa egin eta haren argazki intimoak zabaltzeagatik
Ebazpenean, probatutzat eman da 2021eko irailaren 25ean gizonezkoak emakumeari sexu-erasoa egin ziola hura konorterik gabe zegoen bitartean. Horrez gain, bederatzi argazki intimo atera zizkion eta hiru laguni bidali zizkien.
EITB MEDIA
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak sei urteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati, konorterik gabe zegoen emakume bati sexu-erasoa egin eta ondoren haren argazki intimoak zabaltzeagatik. Sexu-askatasunaren aurkako delitua eta sekretuak zabaltzearena leporatu dizkiote.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldutako oharraren arabera, Fiskaltzak, defentsak eta akusazioak akordioa itxi dute, eta ebazpenean probatutzat eman da gizonak emakumearen egoera aprobetxatu zuela, erasoa egiteko.
2021eko irailaren 25ean gertatu zen. Bilboko taberna batean ezagutu zuen gizonak emakumea, eta azken hori "mozkortuta" zegoela aprobetxatuta, etxera joatea proposatu zion.
Behin etxean, emakumeak "konortea galdu" edo "lo hartu" zuela dio epaiak. Egoera horretan zegoela, aurrena sexu-erasoa egin eta ondoren argazki intimoak atera zizkion erasotzaileak, gero lagunen artean zabaltzeko.
Sei urteko kartzela-zigorraz gain, hori amaitutakoan bost urteko zaintzapeko askatasuna ere ezarri diote auzipetuari. Denbora horretan, sexu-heziketa programetan hartu beharko du parte.
Halaber, 20.000 euroko kalte-ordaina ere eman beharko dio biktimari, erantzukizun zibil modura.
Sententzia irmoa da eta ez dago haren kontra helegitea jartzeko aukerarik.