Gizartea -
DESAGERTUA
14 urteko neska baten bila ari da Polizia Donibane Lohizunen
Familiak ez du haren berririk atzo arratsaldean eskolatik atera zenetik. Lekuko batzuen arabera, geltoki inguruan ikusi zuten azkenekoz, hortaz, litekeena da tren bat hartu izana.
EITB MEDIA
Frantziako Polizia adingabe baten bila ari dabil atzotik Donibane Lohizunen (Lapurdi). Lanaa Petit Mendes du izena neskatoak, eta 14 urte ditu. Xantako eskolan ikasten du, eta han ikusi zuten azkenekoz, astelehen arratsaldean. 17:00etan, eskolatik irten eta oinez abiatu zen norabait. Ordutik, familiak ez du haren berririk izan.
Antza, zenbait lekukok adierazi dute tren geltoki inguruan ikusi zutela. Beraz, litekeena da Hego Euskal Herrirako edo Espainiarako tren bat hartu izana.
Poliziak gaur, asteartea, eman du haren desagerpenaren berri, eta argazkia partekatu du, gaztearen deskribapenarekin. Desagertu zenean, soinean praka urdinak, kamiseta zuria eta jertse grisa zeramatzan.
Norbaitek informaziorik izatera, ondorengo telefonoa partekatu du poliziak: 05 59 51 91 93 eta 05 59 51 22 22.