Gizartea -

Segurtasun dispositiboa

Rangersen 4.000 zale baino gehiago dira Bilbora joatekoak, erdiak partidarako sarrerarik gabe

Bizkaiko hiriburuak denboraldi honetan jasoko duen jarraitzaile talde handiena izango da Rangersena. Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Athleticek segurtasun dispositiboa prestatu dute, elkarrekin, zaleen arteko istiluak ekiditeko helburuarekin.

San Mames inguruan jarritako hesia. ARgazkia: EITB.
San Mames inguruan jarritako hesia. ARgazkia: EITB.
San Mames inguruan jarritako hesia. ARgazkia: EITB.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Glasgowko (Eskozia) Rangers futbol taldeko 4.000 zale baino gehiago iritsiko dira Bilbora egunotan, eta hori dela eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Athletic taldeak, ostegun honetako Europa Ligako final laurdenetako bueltako partidarako segurtasun dispositibo berezia ezarriko dute. Bingen Zupiria sailburuak egun horretarako prestatutakoaren berri eman du eta zale eskoziarren erdiak inguru sarrerarik gabe etorriko direla baieztatu du; soilik 2.600 bisitari sartu ahal izango dira San Mamesera.

Segurtasuna helburu hartuta, eta Erromako zaleen bisitan izan ziren "ekintza bandalikoak" ekiditeko helburuarekin, "Ertzaintzak egin beharreko guztia egingo" duela ziurtatu du Zupiriak. Ostegunerako segurtasun protokoloa elkarrekin koordinatuta prestatu dute Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Athleticek

Jaurlaritzak eskatu du naturaltasunez har dezagula Rangersen zaleak sarrerarik gabe etortzea
Jaurlaritzak eskatu du naturaltasunez har dezagula Rangersen zaleak sarrerarik gabe etortzea
Jaurlaritzak eskatu du naturaltasunez har dezagula Rangersen zaleak sarrerarik gabe etortzea

1:24
Alde batetik, Rangersen zaleak Iparragirre kaleko topagunean (Guggenheim museotik gertuen dagoen tartean) bilduko dituzte ostegunean 18:00etan, partida hasi baino hiru ordu lehenago, eta guztiek elkarrekin egingo dute San Mameserako bidea, Ertzaintzako agenteak alboan dituztela. 

Ordu horretan, Felipe Serrate, Sabino Arana, Euskalduna Jauregia eta Jesusen Bihotzaren inguruko trafikoa moztu eta zirkulazioa murriztu egingo da. Halaber, Athleticen jokalarien kontzentrazio-leku den Carlton hotelaren inguruan ordu erdi lehenago izango dira mozketak.

Bestetik, San Mames estadioa inguratzen duen babes-hesia hainbat metro luzatu dute. Erromaren aurkako partidan probatzen hasi ziren eta ostegun honetakoa bigarren saiakuntza izango da, maiatzaren 21ean izango den Europa Ligago finalaren aurretik.

Alabaina, partida eta zaleen inguruko kezka Bilbotik kanpora ere zabaldu da. Izan ere, Rangers taldearen zale mordo batek Erandioko dantzaleku bat alokatu du osteguneko 14:00etatik ostiraleko 06:00etara, sarrerarik gabeko jendea elkartuko duen festa bat egiteko.

Eskoziako zaleen bisita denboraldi honetan Bilbon izandako jendetsuena da. Herbeheretako AZ Alkmaar, Suediako Elfsborg, Txekiako Slavia Praga eta Viktoria Pilsen eta Italiako Erroma taldeak izan ditu aurkari Bilbon Athleticek. Erromako taldea zen orain arte jende gehien ekarri zuena; 2.000 lagun etorri ziren.

Baina ez da futbola egunotan zaleak ekarri dituen kirol bakarra. Zuripiak azaldu duenez, asteburutik milaka bisitari dabiltza Bilbon. Eskoziarrez gainera, PAOK Salonika saskibaloi taldearen 500 bat jarraitzaile ere etorriko dira, asteazkenean Greziako taldeak Surne Bilbao Basketen aurka jokatuko duen partidarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Athletic Bilbo San Mames Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak