Gizartea -
Segurtasun dispositiboa
Gaur iritsiko dira Rangersen zale gehienak Bilbora, partida astea hasieratik dastatzen ari den hirira
Bizkaiko hiriburuak denboraldi honetan jasoko duen jarraitzaile talde handiena izango da Rangersena. Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Athleticek segurtasun dispositiboa prestatu dute, elkarrekin, zaleen arteko istiluak ekiditeko helburuarekin.
EITB Media
Guztira, Glasgowko (Eskozia) Rangers futbol taldeko 4.000 zale baino gehiago iritsiko dira Bilbora, eta hori dela eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Athletic taldeak, ostegun honetako Europa Ligako final laurdenetako bueltako partidarako segurtasun dispositibo berezia ezarriko dute. Bingen Zupiria sailburuak egun horretarako prestatutakoaren berri eman zuen eta zale eskoziarren erdiak inguru sarrerarik gabe etorriko direla baieztatu zuen; soilik 2.600 bisitari sartu ahal izango dira San Mamesera.
Ordu horretan, Felipe Serrate, Sabino Arana, Euskalduna Jauregia eta Jesusen Bihotzaren inguruko trafikoa moztu eta zirkulazioa murriztu egingo da. Halaber, Athleticen jokalarien kontzentrazio-leku den Carlton hotelaren inguruan ordu erdi lehenago izango dira mozketak.
Tranbiaren zerbitzuari 18:00etatik aurrera eragingo dio norgehiagokak, Pio Baroja eta Casilla geltokien artean. Era berean, baliteke Bilbobusen eta Bizkaibusen zerbitzuan eragina izatea, eta, beraz, aldaketak pantailetan edo webgunean kontsultatzea eta zer aukera dagoen ezagutzea gomendatzen da.
Horregatik guztiagatik, bertako zaleei gomendatzen zaie, bai futbol-zelaira hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzea, bai behar besteko aurrerapenarekin sartzea.
Gainera, San Mames estadioa inguratzen duen babes-hesia hainbat metro luzatu dute. Erromaren aurkako partidan probatzen hasi ziren eta ostegun honetakoa bigarren saiakuntza izango da, maiatzaren 21ean izango den Europa Ligago finalaren aurretik.
Alabaina, partida eta zaleen inguruko kezka Bilbotik kanpora ere zabaldu da. Izan ere, Rangers taldearen jarraitzaile mordo batek Erandioko dantzaleku bat alokatu du osteguneko 14:00etatik ostiraleko 06:00etara, sarrerarik gabeko jendea elkartuko duen festa bat egiteko.
Eskoziako zaleen bisita denboraldi honetan Bilbon izandako jendetsuena da. Herbeheretako AZ Alkmaar, Suediako Elfsborg, Txekiako Slavia Praga eta Viktoria Pilsen eta Italiako Erroma taldeak izan ditu aurkari Bilbon Athleticek. Erromako taldea zen orain arte jende gehien ekarri zuena; 2.000 lagun etorri ziren.