Gizartea -

TRAFIKOA

Normaltasuna nagusi euskal errepideetan, goizean eta eguerdian izandako ilarak amaituta

Goizean 15 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira A-8an, Kantabriarako noranzkoan. eta 7 kilometrorainoko ilarak AP-8an, Irunen (Gipuzkoa).

Auto-ilarak Irunen. Argazkia: @TrafikoEJGV
Auto-ilarak Irunen. Argazkia: @TrafikoEJGV
Auto-ilarak Irunen. Argazkia: @TrafikoEJGV

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santuko Irteera Operazioaren bigarren eguna da gaurkoa, eta ohikoa denez, ilarak sortu dira trafiko gehien izaten duten lekuetan: A-8an, Bizkaia eta Kantabria artean; Armiñongo lotunean (A-1ak eta AP-1ak bat egiten duten lekuan), eta AP-8an, Gipuzkoan, Ipar Euskal Herriko mugan.

Pilaketa gehien A-8 autobidean sortu dira, Kantabrian (139 eta 124 kilometroen artean) eguerdian izan den istripu bat tarteko. Ilara luzeak sortu dira Kantabriarako noranzkoan, 15 kilometrotik gorakoak. Ertzaintza bertaratu da trafikoa kudeatzeko eta gertatutakoari buruzko informazio gehiago biltzeko. 15:00etarako, trafikoa normaltasunera bueltatu da puntu horretan.

Armiñonen (Araba) ere sortu dira arazoak, AP-1 eta A-1 errepideek bat egiten duten tokian, Madrilerako noranzkoan. 13:30erako konponduta zeuden.

Bestalde, 13:30ean auto-ilara luzeak (7 bat kilometro) zeuden oraindik AP-8an, Irunen, Baionarako noranzkoan. Apurka-apurka, pilaketak arintzen joan dira, eta 15:45erako 3 kilometrorainokoak ziren eta 16:35erako amaituta zeuden ilarak. 

Zarauzko ordainlekuan, AP-8an, bi kilometroko auto-ilarak egon dira, Irungo noranzkoan. Horiek ere konpondutzat eman ditu Segurtasun Sailak.

Halaber, gutxienez hiru kilometroko auto-ilarak sortu dira A-15 errepidean, Villabonan, Iruñerako noranzkoan. Zehazki, 153. kilometroan. Baina 13:45erako, trafikoa bere onera etorri dela jakinarazi du Segurtasun Sailak.

Irteera operazioa

AP-8 autobidean zortzi kilometroko auto-ilarak izan ziren atzo Irunen (Gipuzkoa), Baionarako noranzkoan (Lapurdi), eta A-1 autobian, Armiñonen (Araba), Burgoserako noranzkoan, bost kilometrokoak.

Era berean, A-15 autobian, Andoainen (Gipuzkoa), Iruñerako noranzkoan, 1-2 kilometroko ilarak izan ziren.

Bestalde, bi pertsona zauritu ziren arratsaldeko seiak pasatxo zirenean, autoa A-1 errepidetik aterata, Olaberria parean, Altsasurako noranzkoan, Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez.

Istripuaren ondorioz, N-1 errepideko ezkerreko erreia itxi behar izan zuten, eta, ondorioz, arratsaldeko zazpietan bi kilometroko auto-ilarak zeuden. Bi zaurituak Zumarragako ospitalera eraman zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak