Gizartea -
Bizkaia
Lekeitiok aparkaleku ordenantza berria izango du, Justiziak iazko dekretua baliogabetu ostean
Orain arte dekretu bidez zegoen araututa udako aparkaleku sistema. Iragan apirilaren 7ko udalbatzan, baina, ordenantza berria onartu zuten, EAJren babesik gabe. Aldaketa gutxi izango du aurtengo sistemak, iazkoarekin alderatuta.
EITB MEDIA
Herrian kezka iturri nagusienetakoa zen aparkalekuen arazoari irtenbide bat eman nahian, Lekeitiok parking sistema berria jarri zuen martxan iazko udan, herritarren beharrak lehenetsita.
Uda garaian biztanleria hirukoizten du Lekeitiok, eta aparkaleku sistema berrantolatzeko helburuarekin iritsi zen sistema berria. Soka luzea ekarri zuen horrek, udatiarrek "baztertzailetzat" jo baitzuten.
Polemika hura gorabehera, auzitegietara iritsi zen eztabaida, bi udatiarrek aurkeztutako salaketa baten ondotik, eta EAEko Auzitegi Nagusiak horren gaineko epaia eman du bi hilabete geroago, "diskriminazioaren" aferan sartu gabe, baina iazko sistema onartu zuen dekretua baliogabetzat jota. Izan ere, ebazpenak dio "udal ordenantza bidez" arautu beharreko gai bat dela, alegia, aparkaleku sistemarekin lotutako arauak ez direla dekretu bidez jaso behar, ordenantza bidez baizik.
Gauzak horrela, iragan apirilaren 7an udalbatza deitu zuen Udalak, eta bertan aurrerantzean udako aparkalekuen zerbitzua arautuko duen ordenantza onartu zuten, EAJren babesik gabe.
30 eguneko epea dago orain alegazioak aurkezteko. Behin epea bukatuta, Udalak alegazio horiei erantzungo die, eta udalbatza deituko du berriro, ekainean udako aparkaleku sistema ofizialki martxan jartzeko.
Iazko dekretuarekin alderatuta, aldaketa gutxi ekarriko ditu aurtengo ordenantzak, baina badira zenbait ñabardura. Gune gorrian, 30 minututik ordubetera luzatuko dute aparkatzeko tartea. Anbulatorio parean, bestalde, "larrialdietarako aparkalekuak" ezarriko dituzte, osasun zentrora autoz joan behar dutenei "zerbitzua errazte aldera".
Horiez gain, Mendexako, Amorotoko, Gizaburuagako, Ispasterko, Aulestiko eta Eako bizilagunek txartel bakarra jasoko dute familia bakoitzeko.
Bukatzeko, gune urdinerako 30 egunerako bonu berri bat egongo da, ekainaren 1etik irailaren 30era erabili ahal izango dena.
Gainerakoan, ez da aldaketarik izango.
Gune berdea: Iaz bezala, egoiliarrentzat eta inguruko herri txikietako bizilagunentzat. Herrigune osoa hartuko du.
Gune urdina: Lekeitioko sarreran dauden aparkalekuak ordainpekoak izango dira.
Gune gorria: Herriguneko kaleetan egongo dira aparkaleku gorriak, saltokietatik, botiketatik edo zerbitzu guneetatik gertu. 30 minututik ordubetera luzatuko dute aparkatzeko tartea.
Gune zuria: Artadi inguruan doan aparkatu ahal izango dute egoiliarrek nahiz bisitariek.