Gizartea -
Caceres
Garganta de los Infiernos arroilan galdutako Gipuzkoako hainbat mendizale erreskatatu dituzte
Galdutako hiru emakumeek eta gizonak ez zuten elkar ezagutzen, baina desorientatuta zeudela ikusita, taldean batu ziren, eta elkarrekin egon ziren erreskatatu zituzten unera arte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sevillatik eta Gipuzkoatik Caceresera heldutako hiru emakume eta gizon bat erreskatatu zituen atzo Guardia Zibilak, Garganta de los Infiernos arroilan (Extremadura).
17:30 aldera, 062 telefono zenbakian dei bat jaso zuten agenteek, eta berehala bilaketa lanak hasi zituen Guardia Zibilak.
Mendizaleek emandako informazioari esker, horien gutxi gorabeherako kokapena jakitea lortu zuten.
29 eta 44 urte bitarteko lau mendizaleak beren txakurrekin ari ziren ibilbidea egiten, gaur jakin denez.
Nor bere aldetik zebilen arroilan, baina galduta eta desorientatuta zeudela ikusi zutenean, taldean batu ziren, eta lauak batera egon ziren erreskatatu zituzten unera arte.
18:15 inguruan erreskatatu zituzten, eta osasun egoera onean zeuden denak.