Gizartea -
Trafiko istripuak
Hiru adingabe, tartean haurtxo bat, zauritu dira Nafarroan arratsaldean izan diren bi trafiko istriputan
Patinetean zihoan 13 urteko adingabe batek Iruñeko San Jorge auzoan izan du istripua. Bestalde, 17 urteko gazte bat eta 2 hilabeteko umetxo bat ospitalera eraman dituzte, Oloritzen furgoneta bat irauli ostean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bi adingabe, tartean bi hilabeteko haurtxo bat, zauritu dira larunbat arratsalde honetan Oloritzen, furgoneta bat bidetik atera eta irauli egin baita. AP-15 autobideko 65. kilometroan gertatu da istripua.
Larrialdi zerbitzuetako langileek 16:22an jaso dute abisua, eta berehala Tafallako suhiltzaileak, bi anbulantzia, helikoptero bat eta Foruzaingoa bertaratu dira. Ezbeharraren ondorioz, 17 urteko gazte bat ibilgailuan harrapatuta geratu da, eta erreskatatu ostean, helikoperoz eraman dute ospitalera. Bestalde, anbulantzian eraman dute haurtxoa buruan kolpea jaso baitu.
Istripua dela eta, autobidea itxita egon da bi noranzkoetan 20 minutuz, 17:00etatik 17:20ra.
13 urteko adingabe bat zauritu da bigarren istripu batean
Patinetean zihoan 13 urteko adingabe batek istripua izan du auto batekin, Iruñeko San Jorge auzoan.
Larrialdi zerbitzuetako iturrien arabera, 18:06ean gertatu da istripua, eta zauritua Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute.
Anbulantzia eta Iruñeko Udaltzaingoa ezbeharra jazo den lekura bertaratu dira.