Gizartea -
Gertaera
Ikerketak zabalik jarraitzen du Irunen igandean hil zen gizonaren harira
Gizonezko bat hil zen igande goizaldean Cipriano Larrañaga kalean, ustez beste batek eraso eginda.
EITB Media
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren ikerketak zabalik jarraitzen du Irunen atzo goizaldean hil zen gizonaren kasuan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gertaera igandeko goizaldeko ordu biak aldera izan zen, Cipriano Larrañaga kalean. Hainbat herritarrek Colon pasealekuan zegoen patruila bat ohartarazi zuten, lurrean gizonezko bat zegoela eta. Dirudienez, beste pertsona batek eraso egin zion.
Konorterik gabe aurkitu zuten ertzainek gizonezkoa. Anbulantzia gerturatu zen, baina osasun langileek ezin izan zuten suspertu.
Ertzaintzak, Irungo Udaltzaingoarekin elkarlenean, ikerketa abiatu zuen gertatutako ikertzeko, eta oraingoz, ez dute kasuaren inguruko informazio gehiagorik eman. Biktima Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundera eraman zuten.