Gizartea -

BGAE

NIK aplikazioak aukera emango die milioi bat pertsonari beren pentsio-planak mugikorraren bidez kontsultatzeko

Eusko Jaurlaritzak aplikazio bat jarri du abian, BGAEen titularrek beren datu ekonomikoak kontsultatzeko eta etorkizuneko pentsioa kalkulatzeko aukera izan dezaten, hainbat plataforma kontsultatzen ibili beharrik gabe.

Itzarriren bulego bat. Artxiboko irudia
Itzarriren bulego bat. Artxiboko irudia
Itzarriren bulego bat. Artxiboko irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak mugikorrerako aplikazio bat aurkeztu du; horri esker, Euskadin BGAEren bat (Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde) duten milioi bat pertsonak baino gehiagok modu errazean kontsultatu ahal izango dituzte beren aurrezki-planen datuak. Aurrerantzean, NIK plataformaren bidez, informazio ekonomikoa eskuragarri egongo da, leku bakar batean.

Ogasun eta Finantza Sailak garatu du aplikazioa, EJIErekin elkarlanean (Eusko Jaurlaritzaren informatika saila). Azaldu dutenez, NIK plataforman integratzen den lehen zerbitzu publikoa da, eta hilero eguneratzen diren datuak mugikor bidez kontsultatzeko aukera emango du, modu sinple eta intuitiboan.

BGAEari buruzko informazioa zentralizatzeaz gain, aplikazioak pentsio-simulagailu bat ere badu; horri esker, erabiltzaileek zenbateko pentsioa jasoko duten kalkulatu ahal izango dute, horretan eragina duten zenbait faktoreren arabera. Zerbitzuak gizarte segurantzaren pentsioak osatzeko aurrezki-tresna horien erabilera sustatzeko helburuarekin bat egiten du.

2024an, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek 30.826 milioi euro kudeatu dituzte Euskadin, aurreko urtean baino % 7 gehiago. Kopuru horrek Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren ia herena da, eta BGAEk ekonomian duten garrantziaren adierazle da.

Gaur egun, 1,1 milioi pertsona baino gehiago daude BGAE batean izena emanda, hau da, 16 urtetik gorako EAEko biztanleen % 45 inguru. Aplikazio berri honen bidez, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hori herritarrengana hurbildu nahi du euskarri digital bakar batean hainbat dokumentu eskuragarri izan daitezen ahalbidetuta, osasun txartela, liburutegiko txartela eta Gazte-txartela, besteak beste.

Aplikazioa Apple Store eta Play Store aplikazio-atarietan dago deskargagarri. Zerbitzura sartzeko, beharrezkoa da BakQ identifikazio elektronikoa izatea, eta hori online edo aurrez aurre eskatu edo berritu daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak