Gizartea -

Epaiketa

Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatu du jihadismoa egotzita Gasteizen atxilotutako emakumearentzat

Fiskaltzaren eskaera ofiziala gorabehera, kasuaren ardura duen fiskalak adierazi du ez datorrela bat. Bere aburuz, zigorra urtebetera murriztu eta zaintzapeko askatasunik gabekoa daiteke. Auzia epaiaren zain geratu da.

Veronica R.Y. atxilotu zuten unea, 2023ko irailean, Gasteizen. Argazkia: EFE.
Veronica R.Y. atxilotu zuten unea, 2023ko irailean, Gasteizen. Argazkia: EFE.
Veronica R.Y. atxilotu zuten unea, 2023ko irailean, Gasteizen. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eta urtebeteko zaintzapeko askatasuna eskatu du Veronica R.Y. emakumearentzat. 2023ko irailean atxilotu zuten, Gasteizen, Estatu Islamikoa izeneko erakundearen propaganda zabaltzea eta haren seme-alabak doktrinatzea egotzita. Hala ere, Joaquin Gonzalez kasuaren ardura duen fiskalak iragarri du eskaera hori bere nagusien agindua dela eta berak urtebeteko espetxealdia eta zaintzapeko askatasunik gabeko zigorra eskatuko lukeela.

Epai zain gelditu da asteartean Auzitegi Nazionalean, Madrilen, egin den epaiketa. Material jihadista kontsumitzea eta zabaltzea leporatu diote, "Estatu Islamikoaren helburuekin bat eginez". Hala ere, ez da frogatu emakumeak inor doktrinatu zuenik.

Epaituak berak akusazioak onartu ditu, baina azpimarrat du ez zituela semeak inoiz doktrina horretan sartu.

Duela egun batzuk ezagutzera eman zen Ministerio Publikoaren ondorioen idazkian, bost urteko espetxe-zigorra eta bederatzi urteko erabateko gaitasungabetzea eskatzea aurreikusten zen, helburu terroristekin doktrinatzea egotzita.

Fiskaltzaren tesien arabera, emakumeak Estatu Islamikoaren "kontrolpean dagoen lurralderen batera joateko asmo irmoa" erakutsi zuen. "Azken helburua seme-alabekin batera bidaia egin eta horiek mujahidin bilakatzea" zen. Era berean, akusatuak "mota horretako ikus-entzunezko artxiboak zabaltzen" zituela eta, modu horretara, "EI erakunde terroristaren helburuei laguntzen" ziela azaltzen du.

Astearteko jardunaldian, ordea, Gonzalez fiskalak ondoriook apur bat aldatu ditu eta kartzela-zigorra 5 urtetik 2 urtera jaitsi du. Horrez gainera, zaintzapeko askatasuneko urtebete ere eskatu du. Azaldu duenez, akusatuak "gertakariak onartu ditu, damututa dagoela erakutsi du eta azaldu du ez duela terrorismo islamiarra babesteko borondaterik, mugimendu hori gaitzetsi baitu".

Alabaina, adierazi du Espainiako Auzitegi Nazionalaren buruen aginduz egin duela zigor-eskaera. "Bere ibilbidean lehen aldiz", Fiskaltazaren Estatutuko 25. artikuluaren babesa eskatu du eta bere iritzi pertsonala plazaratu du: zentzuzkoa iruditzen zaio zigorra urtebeteko espetxealdian eta kargu publikorako hiru urtez desgaitzea eta besterik ez izatea, Defentsaren eskaerarekin bat etorriz. Horrez ganera, ez du egokitzat jo zaintzapeko askatasueko urtebete ezartzea, "ez baitago berariaz justifikatuta arriskurik ekarriko lukeela".

Fiskalaren azalpenok entzun ondoren, akusatuaren defentsak fiskalaren iritzia bere egin du.

Veronica R.Y. 2023ko irailaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak Gasteizko Zabalgana auzoan, terrorismo jihadistaren aurka egindako operazio baten baitan. Bere etxeko miaketan islamismoarekin lotutako materiala aurkitu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Epaiketak Gizartea Jihadismoa Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak